Euskal Herria plazako zorua konpondu nahi du udalak
Puskatzen diren baldosak konpontzeko hormigoizko adabakiak jartzen dituzte, baina hori behin-behineko irtenbidea da, eta plaza sakonago berritzeko aukera aztertzen ari da. Gainera, Azoka biziberritzeko proiektu bat lantzen ari da Eusko Jaurlaritzarekin batera.
Legazpiko Udalak Euskal Herria plaza berritzeko asmoa du, eta hondatzen diren baldosak konpontzeko behin-behineko hormigoizko adabakiak jartzen jarraituko du bitartean. Udalak “konponbide iraunkorragoa eta eraginkorragoa eskaini nahi du egungo zoladurak jasaten duen etengabeko higaduraren aurrean”.
Plaza 2003an eraiki zela gogoratu du udalak. Hareharrizko baldosak ditu zolata gainean, eta halako propietateak dituztelako, geruzatan deskonposatzeko joera dute, bai erabileragatik, bai denboraren poderioz. Horrek haustura eta zulo txikiak eragiten ditu zoruan, eta maiz konpondu behar izaten dira. Udalak azaldu duenez, inpaktu estetikoaz gain, garbitzeko arazoak eragiten ditu horrek, eta mantentze lanak kostu handikoak dira.
Orain arte, kalteak konpontzeko hormigoizko adabakiak erabili dira, eta teknika hori emaitza onak ematen ari da erresistentziari eta iraunkortasunari dagokienez. Baina konponbide hori berehalako eta behin-behineko erantzuna da, eta plaza sakonago berritzeko aukera aztertzen ari da udala.
Zarauzko itsas pasealekuari begira
Berritze lan horretarako, Zarauzko itsas pasealekuan gauzatuko duten proiektuari begiratuko dio, han ere baldosa mota bera erabili zutelako eta antzeko arazoei aurre egin behar izaten dietelako. Zarautzen ere hormigoiaren teknika aplikatzen ari dira behin-behinean, eta uda ostean hasiko dira berritze lan orokorrekin. Obren bilakaera gertutik jarraituko du Legazpiko Udalak, bereziki materialak hezetasun-baldintzei nola erantzuten dien baloratzeko.
Bitartean, Euskal Herria plazan ibilgailuak ahalik eta gutxien zirkulatzeko neurriak ere hartuko ditu.
Azoka biziberritzeko proiektua
Plaza konpontzeaz gain, udalak Azoka biziberritu nahi du, eta horretarako, “ikuspegi komunitarioa” duen proiektu bat lantzen ari da azken hilabeteetan Eusko Jaurlaritzako Elikadura eta Landa Garapeneko sailburuordetzarekin eta Landa Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendaritzarekin batera. Azoka indartzeko, haren espazioa hobetzeko eta lehen sektoreari laguntzeko lankidetza estrategiak aztertzen, eta alternatibak bilatzen ari dira.
Azpiegiturak mantenduz eta proiektu estrategiko berriak bultzatuz, udalak berretsi egin nahi du “espazio publikoa etengabe hobetzeko eta Legazpiko herritarren ongizatearekin duen konpromisoa”.













