Ilinti abanikoak banatzen ari da
Elkarteko hiru establezimendutan erosketa egin eta beste hainbeste zigilu lortu behar dira bat doan jasotzeko. Duela gutxi egindako abanikoen jokoan erabilitakoak dira, 894 guztira.

Ilinti merkatari elkarteak opariak banatzen jarraitzen du, eta oraingo honetan abanikoak banatuko ditu bezeroen artean. Horretarako, elkarteko hiru establezimendutan erosketa egin eta beste hainbeste zigilu lortu behar dira, abaniko bat doan jasotzeko honako toki hauetan: Alkain, Maitia, Lanbroa, Laga, Ibargutxi eta Xaloa. Oporretan Ilintirekin kanpaina da.
Kanpaina hau hilaren 18ra arte egongo da indarrean, eta duela aste batzuk egindako joko edo porraren jarraipena da. Joko horretan, 894 abaniko banatu zituzten sei dendatako erakusleihoetan, eta kopuru hori asmatzea zen helburua. Bi bezerok asmatu zuten kopuru zehatza, eta bien artean egindako zozketan Mirari Arruiz suertatu zen irabazle. Oraingoan, erakusleihoetan banatutako abaniko haiek banatuko ditu bezeroen artean.