Deskapotable bat lanera joateko
Unai Arakama legazpiarrak Lotus Elise 111R auto deskapotablea erosi zuen duela bi urte, eta eguneroko joan-etorriak egiteko erabiltzen du. Urdin ilun kolorekoa da, eta lagunek esaten diote Batman-en kotxea dirudiela.

Unai Arakama legazpiarrak 36 urte ditu, Oñatin egiten du lan, eta deskapotable batean ibiltzen da Udanako mendatean gora eta behera ia egunero. Lotus Elise 111R bat du. Kiroletako autoa da, ingelesa, baina motor japoniarra duena. «Toyota baten motorra du, oso gogorra», azaldu duenez, «kotxe gogorra da, eta oso gustuko dut horregatik».
Urdin iluna da, eta kapotan bi zati zuri ditu. Gainera, txikia eta baxua da, bi plaza besterik ez ditu, «eta ez dira edonorentzat, oso altuak direnek arazoak dituzte». Oso gutxi kontsumitzen duela azaldu du. Gasolina behar du, eta depositua 30 litrokoa da, atmosferikoa, hau da, «ez du turborik, sinplea da, eta erreboluzio asko baditu ere, kotxea lasai eramanda aste osoa edo aste eta erdia irauten dizu deposituak».
Egunero ibiltzeko
Egunero erabiltzen du Arakamak Lotusa, «lanera joateko, hondartzara joateko…». Oñatiko ULMAn dabil lanean, eta lanerako joan-etorri horietan Udanan asko gozatzen duela dio, «polita delako paisaia», batez ere eguraldi ona egiten duenean eta sabaia kenduta doanean. «Hemen ez da izaten aukera asko sabaia kentzeko!». Eguraldi txarrarekin, aldiz, eta neguan errepidean hosto asko baldin badaude, kontuz ibili behar dela dio, atzeko trakzioa duelako eta irrist egin dezakeelako, «baina kotxe normalekin ere berdina gertatzen da».
«Ez du turborik, sinplea da, eta erreboluzio asko baditu ere, kotxea lasai eramanda aste osoa edo aste eta erdia irauten dizu deposituak»
Duela bi urte erosi zuen autoa, eta Alemaniatik kamioan ekarri zioten. Hala ere, «nahiko merke» atera zitzaiola dio. Berria erosita, 40.000-bat euro balio du, baina bigarren eskukoa erosita, «aukera ona da».
Beti gustatu zaizkio kotxeak Arakamari, hau zehazki. Kotxe ikusgarria dela aitortzen du, «baina prezio aldetik eskuragarria da, ez da Ferrari bat».
Auto honek oso itxura berezia du gainera, «lagunek esaten didate Batman-en kotxea bezalakoa dela». Horregatik deitzen du asko jendearen atentzioa, «batez ere umeena», eta argazki ugari ateratzen badiote ere, ohitu da dagoeneko. «Oso gustura» dago.