Donosti Cup martxan da Goierrin ere
Goierriko zazpi talde lehiatuko dira txapelketan, eta beste zazpi zelai izango dira jokaleku. Emakumezkoetan, Goierri Gorri izango da parte hartuko duen talde goierritar bakarra.
Donosti Cup-eko partida bat, orain bi urte, Beasaingo Loinatz zelaian. Lide Egizala Martxan da beste urte batez futbol munduan ospetsua bilakatu den Donosti Cup txapelketa, bere 33. edizioan. Hamazazpi kategoriatan banatuta, 900 talde arituko dira lehian, eta 2.215 partida jokatuko dira denera zazpi eguneko txapelketan. Euskal taldeei dagokienez, 90 talde lehiatuko dira.
Goierrik ere, urtero bezala, izango du papel garrantzitsurik. Izan ere, zenbait talde-ordezkari izateaz gain, Goierriko hainbat futbol zelai izango dira nazioarteko txapelketa honen jokaleku, eta urtero bezala, mundu mailako taldeak lehiatuko dira horietan. Atzerriko taldeez gain, gainera, Goierriko zenbait taldek ere parte hartuko dute. Horien artean daude Goierri Gorri Futbol Taldea, nesken arteko txapelketari dagokionez, eta Beasain Kirol Elkartea, Urretxuko Gainzuri ikastetxea, Ordiziako Jakintza Ikastola, Ordiziako Kirol Elkartea, Zumarragako La Salle ikastetxea eta Urola Kirol Elkartea, mutilen artekoan.
Astelehenean hasi zen, eta igandera bitarte jokatuko da. Parte-hartzaileak diren Goierriko taldeen herrietan jokatuko dira partidetako batzuk: Beasaingo Loinaz futbol zelaian, Idiazabalgo Arizkorretan, Lazkaoko Harizti Haundin, Ordiziako Altamiran eta Zumarragako Argixaon. Legazpiko Irene Paredes futbol zelaian ere ikusi ahal izango dira zenbait norgehiagoka, nahiz eta bertako taldea ez lehiatu.
Lehia hasi da
Beasainek, Gainzurik eta Jakintzak astelehenean hasi zuten lehia. Txapelketa hasi eta egun berean, Beasainek Antigua Luberriren aurka (2-1), Gainzurik Orixe BHIren aurka (0-4) eta Jakintzak Erain (1-0) taldearen aurka neurtu zituzten indarrak.
Gainontzekoek, berriz, atzo hasi zituzten partidak. Urola goizean goiz lehiatu zen Amara Berriren aurka eta 4-0 gailendu zen talde goierritarra Ordizian jokatu zuen partidan. Beasainek ere irabazi egin zuen bigarren partida etxean, Independiente Madrid taldeari 1-2 irabazi ostean. Goierri Gorrik, ordea, CD Fontsanta-Fatjo B talde kataluniarraren aurka jokaturiko aurreneko partida ezin izan zuen irabazi (2-1). Zumarragako La Sallek, Ordiziak eta Gainzurik, berriz, arratsaldean jokatu zituzten partidak.













