ELKARRIZKETA. «Ehunmilak oso luzea da, eta oso konstantea izan behar zara»
Ehunmilak ultra-trailaren edizio batean ez beste guztietan parte hartu du AItor Garmendia Elortzak (Beasain, 1977). Aurtengoan ere, lasterketa 30 orduz azpiko denborarekin amaitzea jarri du helburu.
Aitor Garmendia mendi korrikalari beasaindarra, joan den astean. Tere Madinabeitia Ehunmilak lasterketan parte hartzen dutenen artean badira ohiko batzuk, eta horietako bat da Aitor Garmendia beasaindarra. Lehen edizioarekin batera hasi zen, eta bat ez beste guztietan izan da. Aurten ez du hutsik egiteko asmorik.
Zenbatgarrena da aurtengoa?
Hamahirugarrena. Bat kenduta, beste denetan atera naiz, eta bat izan ezik, guztiak bukatu ditut. Esperientzia badut, bai, eta kariñoa diot karrera honi.
Zer du ba?
Etxekoa da, bertakoa. Eta inguruak ondo ezagutzen ditugu. Asko ibilitako lekuak dira, eta horrek gehiago motibatzen du. Gainera, lasterketaren inguruan sortzen den giroa ikaragarria da. Gure familian festa bat balitz bezala hartzen dugu asteburua.
Noiz hasi zinen korrika?
Mendian 2005ean hasi nintzen. Ordura arte ez nuen ezer egiten, ia egun batetik bestera hasi nintzen, poliki-poliki, neure buruari helburu txikiak jartzen. Helburu txikitik hasi, handiagoa gero… honaino iritsi arte, Ehunmilak egiteraino. Harrapatu egiten zaitu. Eta niri neure burua proban jartzea asko gustatzen zait.
Nola prestatzen da horrelako lasterketa bat?
Kilometroak sartzen eta desnibela pilatzen. Aurten lehenago hasi naiz, urtarrilean. Nire entrenamendua hori izaten da, ibili eta ibili, beti mendian. Ez dut pultsometrorik erabiltzen, sentsazioen arabera ibiltzen naiz, gorputzak ematen duena neurtzen. Janak asimilatzeko probak ere egiten ditut, zer egokitzen zaidan hobeto eta zer okerrago…
«Ez dut egiten 60 kilometrotik beherakorik, ez dut motzetarako balio»
Sorpresarik ez izateko?
Lasterketarako ikasten. Hala ere, beti izaten da nobedaderen bat egunean bertan: gutxi jan duzula, agudoegi hasi zarela, eguraldia nahi ez duzuna dela… Ehunmilak oso luzea da, eta oso konstantea izan behar zara, bai abiaduran, bai jatean eta edatean… ezin du ezerk huts egin. Eta momentu gogorrak kudeatzen jakin behar duzu. Ondo kalkulatuta izan behar duzu noraino iritsi zaitezkeen, hortik pasatzen bazara ez zarelako helmugara iritsiko.
Zer moduzko da ibilbidea zuretzat?
Zumarraga artekoa oso erraz egiten dut, baina oso tarte gogorra egiten zait urtero Azpeititik Tolosakoa, agian gaua delako, edo agudo hasten naizelako. Desnibel handia dauka, Azpeititik Erniora igotzen delako oso denbora gutxian, eta ordurako kilometro batzuk eginda ditugu. Hor nire buruak txakalaldi bat izaten du. Aurrerago ere bai, Tolosa-Azmeketa-Txindoki artean. Txindoki, berriz, ondo igotzen dut, ondo ezagutzen dudalako; erritmoa jaitsi, eta gora. Bestela, bide osoan antzera joaten naiz, nire mailan eta martxan.
Zer da lasterketatik onena?
Hasiera oso polita izaten da, denak elkartzen garenean, jende asko ikustean, musika hasten denean…
Familia gertu izaten duzu?
Etxekoak gainean izaten ditut, nondik nora nabilen kontrolatzen dute gau eta egun. Bidean beti dago baten bat, ama ez bada aita, aita ez bada andrea, eta bestela semea.
Nola dator aurtengoa?
Nire ustez iaz baino hobeto nago, baina gero egunean ikusi beharko da. Kilometro asko sartu ditut, nire burua ezagutzen dut pixka bat, eta ondo ikusten naiz.
«Irailean Alpeetako Tor de Geants egingo dugu bost lagunek, Italiako Aosta haranean, 350 kilometrokoa»
Podiuma egiteko asmoarekin?
Lekutan dago hori! Gertuen geratu naizena hamabosgarren postua izan da, 2015ean. Orduan ondo atera zen guztia, eta sentsazio aldetik egin dudan lasterketarik onena ere izan zen. Baina nire urteroko helburua da 30 orduren bueltan ibiltzea, eta ahal bada beherago. Aurten ere horixe da asmoa.
2015ekoa onena. Eta txarrena?
Txindokin erretiratu nintzenekoa. Indartsu nengoen, baina belaunean mina hasi zitzaidan, eta geratu behar izan nuen. Eta batzuetan helmugara justu-justu ere iritsi izan naiz.
Proba gehiago egiten dituzu?
Bai, ultra trailak, distantzia luzekoak. Ez dut egiten 60 kilometrotik beherakorik, ez dut motzetarako balio. Aurten Kantabriako Cabezon de la Salen izan naiz Los 10.000 del Soplao proban, Bizkaiko Zaramillon ere bai Enkarterri Trailean, eta duela gutxi Prinioetan, Torla-Ordesa egiten.
Zein da egin duzun luzeena?
Irailean Alpeetako Tor de Geants egingo dugu bost lagunek, Italiako Aosta haranean, 350 kilometrokoa. Unai Dorronsoro, Kauldi eta Imanol Rezola-Urola anaiak eta Josu Carrilo joango dira nirekin. Hau beste gauza bat izango da, oso gogorra.













