ERREPORTAJEA. Geroz eta gehiago dira
Emakumeen parte hartzea areagotuz doa urtez urte, baita proba luzeetan ere. Aurten parte hartze kopuruan errekorra jarri da G2Hn: 56 emakumek eman dute izena.

Geroz eta emakume gehiagok parte hartzen dute mendi lasterketetan. Trail munduan sartu dira emakume asko azken hamarkadan, gizartearen pauso txikien isla izan daitekeena. Horrek eragina izan du inguruko probetan ere, eta aurtengo Ehunmilak trilogian nabaritu da, emakumeen parte-hartze kopuruan azken urteetako datuei eusteaz gain, G2Hn hobetu egin baitira. Hiru probak batuta, 148 emakumezkok eman dute izena Ehunmiletan. Ehunmilak ultra-trail probako lehen urtean, 2010ean, 320 korrikalarik eman zuten izena, eta horietatik hamahiru ziren emakumezkoak; aurten, 360 korrikalari daude izena emanda, eta 28 dira emakumezkoak. Hala, aurten emakumezkoen parte-hartze kopuruan 2023an ezarritako errekorra berdindu da. Iaz, 27 izan ziren. Emakume horietatik, bakarra da goierritarra.
Goierriko Bi Handien lehendabiziko edizioan, 2010ean, 153 partaide izan zituen probak, eta aurten azken hiru edizioetako kopurua izango du: 550 korrikalari. Horien artean, 56 dira emakumezkoak aurtengoan, inoizko altuena; 2023an 53 izan ziren, eta iaz 44. 56 emakume horietatik, lau dira Goierrikoak.
Marimurumendi maratoian ere nabaria da hazkundea. 2015ean egin zuten lehen edizio hartan 250 korrikalarien artean 31 emakumezko zeuden; 2017 eta 2022 bitarte, 265 partaide izan zituen probak, eta 47, 48, 49 eta 34 emakumezkok parte hartu zuten, hurrenez hurren. 2023an partaidetza handitu egin zen 350 korrikalarirekin, eta urte hartan 73 emakumezkok parte hartu zuten, emakumezkoen inoizko kopururik altuena proban. Aurten, koska bat beherago egin badu ere 2023kotik, 350 korrikalarietatik 64 dira emakumezkoak.
Goierritar kopuru handiena izango duen proba G2H da. 97 goierritar izango dira, 93 gizonezko eta lau emakumezko. Ultra-trailean hemeretzi goierritar dira, hemezortzi gizonezko eta emakumezko bakarra, eta MMMn 94 goierritar, 77 gizonezko eta hamazazpi emakumezko.
Aurten trilogiako korrikalarien %11,74 osatzen dute emakumezkoek. Antolakuntzak hasieratik sari berdinak eman ditu probetan, eta azaldu du nabarmentzekoa dela berdintasuna lortzeko balio dezakeen urrats bakoitza.