Irizar e-mobilityk autobus elektrikoz hornituko du Londresko Gatwick
Irizar e-mobilityk kontratu bat sinatu du Londreseko Gatwick aireportuarekin, joan-etorriak Irizarren autobus %100 elektrikoekin hornitzeko.

Ormaiztegiko Irizar kooperatibak Londreseko Gatwick aireportuarekin kontratu bat sinatu berri du, egonaldi luzeko aparkalekuak eta aireportuko terminalak lotuko dituen autobus zerbitzua hornitzeko. Irizar ie tram modeloko 14 ibilgailu izango dira guztira, 18 metro luzekoak.
Irizar ie tram konpainiaren ikurretako bat da. Diseinu futurista eta minimalista du, tranbia baten antzeko estiloarekin, eta edukiera handia eta sarbide erraza uztartzen ditu. Barruan maletak uzteko lekua dute, erosotasun eta funtzionaltasun handiagoa lortzeko.
Ibilgailu hauek azken belaunaldiko Irizar bateriak dituzte, eta segurtasuna hobetzeko kamera digitalak izango dituzte aurreko, alboko eta atzeko ikuspegia nabarmen hobetuz. Kontratu honek Erresuma Batuan autobus elektrikoen alorrean bere merkatua zabaltzeko aukera eskainiko dio konpainiari. Dagoeneko, Irizarren beste 50 ibilgailu %100 elektriko baino gehiago martxan daude herrialdean.
London Gatwicki buruz
Urtean 43 milioi bidaiarirekin, London Gatwick Erresuma Batuko bigarren aireporturik handiena da, eta Europako hamar aireportu garrantzitsuenetako bat ere bai. 5.500 milioi liberako balio erantsi gordina sortzen du, eta 76.000 lanpostu baino gehiago ditu, 2023ko datuen arabera. Ia 60 airelineak egiten dute hegan aireportutik distantzia laburreko 150 helmuga baino gehiagotara, eta distantzia luzeko 50 baino gehiagotara.
Aireportua Britainia Handiko hiriburutik 45 kilometro hegoaldera dago, eta oso ondo komunikatuta dago Ingalaterrako biztanleriaren laurden bat baino gehiagorekin —15 milioi pertsona, London osoa barne—, errepidez edo trenez ordubete baino gutxiagoan.
2030erako zero emisioko aireportua erdiesteko anbizio handiko programa bat du eskuartean —2.000 milioi liberako hazkunde iraunkorrekoa—. Vinci Airportsek %50,01eko partaidetza du aireportuan, eta Global Infrastructure Partnersek kudeatzen du gainerako %49,99a.