'Korrika ezin dutenengatik' erronkan parte hartzeko deia egin dute
Gaixotasun arraroei ikusgarritasuna ematea helburu duen ekimena babesteko bideak martxan daude, kamiseta salmenta eta diru bilketa bezala. Gainera, boluntarioak behar dituzte Goierrin egingo diren bi etapetarako.

Fernando Magaldi asturiarrak gidatutako Korrika ezin dutenengatik erronka solidarioa Goierrira iritsiko da uztailaren 18an eta 19an eta herritarrei parte hartzeko deia egin diete. Ekitaldiaren helburua da gaixotasun arraroei ikusgarritasuna ematea, herritarrak eta erakundeak horrelako gaitz bat izateak suposatzen duenaren inguruan sentsibilizatzea, eta gaitz arraroen bueltan lanean diharduten elkarteen lana balorean jarri eta haientzat eta ikerketarako diru-bilketa egitea. Helburu horiek lortzeko, autonomia erkidego desberdinetan zehar 2.330 kilometro korrikan egingo ditu Magaldik, 37 etapatan banatuta. Horietako bi, Goierrin egingo dira, bata Lazkaon (uztailak 18) eta bestea Beasainen (uztailak 19).
Magaldik bidelagun izango ditu, Bakuntza elkarteko kideak, erronka hau Goierrira iritsi izanaren ardura izan dutenak, eta sona handiko mendi lasterkariak, Ohiana Kortazar, Fidel Fernandez edota Miguel eta Roberto Heras, besteak beste, Goierrin egingo diren etapetako kilometroak egiten lagunduko diotenak.
Parte hartzeko deia
Horrelako helburuak lortzeko komunitate osoaren laguntza beharko da, eta horretarako bide desberdinak daude. Dirua biltzeko asmoz, erronkaren elastikoak salgai ipini dituzte. Ostegunean, hilak 10, Lazkaoko pilotalekuan ipiniko dute mahaia, 18:30etik 20:00etara, non kamisetak eskuratu ahal izango diren. Eltxetxuak ere izango dira ekarpena egiteko. Uztailaren 15ean, asteartea, berriz, Beasainen, Zubimusu plazan ipiniko dute postua, 10:00etatik 12:30era. Gainera, webgunearen bidez ere eskuratu daitezke.
Horrez gain, kontu korronte bat ireki dute ekarpena egiteko (ES94 2100 1796 6402 0028 0304). Funtsak hainbat arrazoi sozialetara bideratuko dira.
Gainera, boluntario gisa ere laguntzeko aukera egongo da Goierrin egingo diren bi etapatan, eta horretarako, Bakuntzako kideekin jarri behar da harremanetan.