Segurako historia bizirik mantentzea helburu duen festa
10 urteren ondoren, Erdi Aroko festa egingo dute larunbatean. Herriko zortzi neska gaztek berreskuratu dute ekimena. Herri afarian 400 herritar elkartzea espero da.
Erdi Aroko festa Seguran, 2015ean.Miriam Luki Hamar urteren ondotik, Erdi Aroko festa berreskuratu dute Seguran. Larunbat honetan egingo dute aro berriko lehendabizikoa, herriko 8 neska gaztek osatutako Harresitik karkabara Erdi Aroko elkarteak antolatuta. Plazako Lagun Zaharrak taldearen ekimenez sortu zen Erdi Aroko festa Seguran. 2015ean egin zuten azkenekoa. Aurretik, beste sei bat egin zituzten, bi urtez behingo maiztasunarekin. Hasierako festa haiek asteburu osoa hartzen bazuten ere, aurten egun bakarrera mugatu dute.
Uxue Maiotz, Harresitik karkabara elkarteko kideak kontatu duenez, iazko San Joan jaietan sortu zen festa berreskuratzeko ideia, «goizeko ordu txikitan eta modu informalean egin genuen lehendabiziko bilera», dio. Urte bete inguru daramate larunbateko festa antolatzeko lanean. Elkartea sortzea izan zen eman zuten lehenengo pausoa. Behin herritarrei euren asmoak jakinarazi eta gero, lan taldetan biltzen hasi ziren: «Herritarren erantzuna oso positiboa izan da, adin guztietako jendea ari da laguntzen, ehunetik gora izango dira», zehaztu du Maiotzek.
Segura antzoki erraldoi bihurtuko da eta horretarako hasita daude herriko kaleak atontzen. Segura Erdi Aroko herria izanik dituen «altxor arkitektonikoak» agerian jarriko dituzte eta garaikoa ez den elementu oro ezkutatu. Herriko 30 atari irekiko dira eta horietako bakoitzean ofizio ezberdinen erakustaldiak egingo dituzte: «atari garrantzitsuenean noblezia egongo da eta zaldunak ibiliko dira kaleetan zehar. Ofizioei dagokienean, gozotegia —Segurako Nikolas txikiekin—, eskribaua, ehulea edota Inkisizioa» egongo dira ikusgai.
Jantziak, Martzillatik
Herria bera ez ezik, herritarrak ere Erdi Aroko itxuran jantziko dira. «Jende askok baditu aurretik gordeta jantziak. Antolakuntzatik jantzi horiek berreskuratu eta elkarren artean trukatzera gonbidatu ditugu herritarrak. Inspirazio moduan, jantzi ezberdinen dokumentu bat ere partekatu dugu, norbaitek jantzia etxean egin nahiko balu», kontatu du. Festarekin hasi zirenean, Martzillatik (Nafarroa) ekarri zituzten segurarrek larunbatean erakutsiko dituzten jantzietako asko; «guk ere eskribau, noble eta zaldunen jantzi batzuk erosi ditugu Martzillan, jantzien bilduma osatzeko».
Herriari begirako festa izango da, herritarrek herriarentzat egindakoa den neurrian, baina kanpotarrentzako Segura bisitatzeko aitzakia izatea ere nahi dute: «Edozein izango da ongietorria». Kultur festa bat izango da oinarrian, Segura ezagutzera eman eta kanpotarrei dituen altxorrak ezagutzera emateko. Jarraipenik izango duen oraindik ez dago baieztatzerik, «larunbatari begira gaude orain; balorazio egingo dugu gero, eta ikusiko dugu. Lan handia eman digu baina motibatuta gaude, eta baita herritarrak ere», amaitu du.

Antzerkia eta herri afaria plazan, Erdi Aroko festa borobiltzeko
Txistulariek eta nobleziak lagunduta 11:00etan irekiko dituzte atariak goizean. Ume jolasak eta paper tailerra izango dira frontoi zaharren (11:30). Beheko plazan herriko abesbatzak garaiko abestien moldaketekin kontzertua egingo du eta gari jotze erakustaldia egingo dute gero, txalapartaz lagunduta (12:00). Herritarren auzipetzea egingo dute 13:00etan Errebote plazan eta 14:00etan atariak itxiko dituzte.
Arratsaldean, 16:30ean irekiko dira atzera, dultzainero eta nobleziak lagunduta. Burukoen desfilea izango da plazan (17:00) eta haurrentzako jolasak frontoi zaharrean. Gari jotzea eta bertsolarien saioa egingo dituzte beheko plazan (18:00) eta atariak itxiko dituzte 19:00etan.
Eneko Aritza euskaldunen erregea antzezlana eskainiko du Segurako Historia Oroituz taldeak 19:30ean. Orreagatik iragan hurbilera antzezlan arrakastatsuaren moldaketa bat izango da. «IX. mendean, Baskoiek Karlomagnoren frankoak garaitu zituzten eta Eneko Aritza izendatu zuten baskoien errege. Garai hartan sortu zen Iruñeko erresuma. Hori da laburtuta kontatuko duguna», esan du Lourdes Imaz taldeko zuzendariak. 824. urtetik 1600 urtera arte iraun zuen erresumak, «antolamendu hark lurraldeari eskainitako babesa izan zen gure herria eta hizkuntza, traba askoren gainetik, gaur arte bizirik irautearen arrazoietako bat. Horregatik da giltzarri euskaldunontzat», dio. Taldeko 12 antzezle gaztek hartuko dute parte, «memoria historikoa berrekuratzeaz gain, belaunaldi berriei gure historia transmititzea dira taldearen helburu nagusiak», argitu du Imazek.
Amaitzeko, herri afaria egingo dute plazan 21:00etan; 400 herritarren parte hartzearekin. Eguraldi txarrarekin Baratze pilotalekuan egin dira bai antzerkia, nola herri afaria.













