Tokiko merkataritza ospatzeko festa izango da Udako Azoka
Uztailaren 17an salgaiak kalera aterako dituzte Bareak elkarteko merkatariek. 12 salmenta postu, jatekoa, edatekoa, musika eta sariak izango dira egun osoko festan.

Uztailaren 17an, osteguna, Beasaingo Erauskin plaza merkataritzaren eta herritarren arteko topagune bihurtuko da. Bareak merkatari elkarteak antolatutako Udako Azoka berezia izango da bertan, helburu argi batekin: herriko merkataritza herritarrengana hurbiltzea eta gertuko denden balioa azpimarratzea.
Egun osoan zehar, 12 salmenta postu jarriko dira plazan, Beasaingo denden eskaintza kalera ateratzeko. Azokaren ordutegia izango da 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara (eguerdian itxita egongo da).
Azoka ez da izango soilik erosteko gune bat; jarduera ugari antolatu dira giroa dinamizatzeko eta adin guztietako jendea erakartzeko.
Erosketak eta gehiago
Azokaren irekierarekin batera, Kaiku-ren lankidetzari esker, kafeak banatuko dira bisitarientzat. Eguerdi partean, gainera, Blues Gastrobar-eko enpanadak ere eskuragarri egongo dira.
Arratsaldean, berriz, tailerrak, gastronomia eta musika izango dira. 17:00etan, salmenta postuak berriro irekiko dituzte eta Labores Otea-ren eskutik kakorratz ikastaroa egingo da.
Janari eta edarien postuak 18:00etan irekiko dituzte. Goxoa Takeaway, Leizuri Izozkiak, Blues Gastrobar eta Segurako Taloak izango dira bertan. Jendeak Erauskin plazako arbolen azpian jarritako eserlekuetan giroaz gozatzeko aukera izango du.
Arratsaldea girotzeko DJ Nemux izango da 18:30ean hasita, eta jarraian, The Nowhere Plan taldearen zuzeneko kontzertua izango da.
Tokikoari indarra
Gainera, erosketak egiten dituztenek, janari-postuetan erabilgarriak izango diren tiketak jasoko dituzte, herriko dendetan kontsumitzeak duen garrantzia azpimarratzeko modu gisa.
Bareak elkartearen esanetan, azokaren helburua da tokiko merkataritzaren aldeko jai bat izatea. Izan ere, herriko denda txikiek lana sortzen dute, kaleak bizirik mantentzen dituzte eta gertuko tratuari eusten diote, komunitatea sendotuz.
«Herritarrek berriro begirada jar dezaten tokiko merkataritzan nahi dugu: gertukoa, fidagarria eta kalitatezkoa. Halako ekimenek lotura hori indartzen laguntzen dute”, adierazi dute antolatzaileek.
Beraz, uztailaren 17koa aukera paregabea izango da udako egun atsegin batez gozatzeko, kontzienteki kontsumitzeko eta Beasaingo bihotzean lanean diharduten merkatariei babesa emateko.