KOMUNIKATU OFIZIALA. Aldaketak Ehunmilak eta G2H lasterketetan
Ehunmilak larunbat goizean abiatuko da, eta Goierri Bi Handiak larunbat arratsaldean. Eguraldi iragarpenak eragin du bi proben atzerapena. Korrikalarien eta boluntarioen segurtasuna bermatu nahi dute erabakiarekin.

Ehunmilak ultra-trailaren antolakuntza taldeak bihar arratsaldean eta gauean abiatzekoak ziren Ehunmilak eta G2H lasterketen irteera eguna aldatu du. Bi probak larunbatean aterako dira. Honela dio, hitzez hitz, kaleratu berri duten agiriak.
KOMUNIKATU OFIZIALA
“Ehunmilak antolakuntzak momentu honetan duen eguraldi aurreikuspen txarra kontutan hartuta, Euskalmetek (Euskal Meteorologia Agentzia) emandako informazioan oinarritzen dena, honako erabaki hauek hartu ditu korrikalarien eta boluntarioen segurtasuna bermatu nahian:
- Ehunmilak lasterketari (EHM) larunbat goizean, 11:00tan, emango zaio irteera. Lasterketak 125km izango ditu eta 31 orduko gehieneko denbora izango du.
- Goierriko Bi Haundiak lasterketari (G2H) larunbat arratsaldean, 19:00etan, emango zaio irteera. Orain arteko luzera, ibilbidea eta gehieneko denbora (22h) mantenduko dira.
Ordutegi aldaketa horren ondorioz, bi lasterketa horien egitarauan hainbat aldaketa izango dira.
Honen guztiaren informazio eguneratua www.ehunmilak.com helbidean aurkituko duzue.
Aldaketa hauek guztiek proiektu hau osatzen duten komunitate guztiari suposatzen dion ahalegina kontuan hartuta, zuen guztien ulermena eta laguntza eskertuko genuke”.