Legazpiko EH Bildu, Brinkola-Telleriarteko bidearen erabiltzaileen arteko elkarbizitza bila
Autoen abiadura mugatzea eta bidea bertakoentzat bakarrik izatea, eta erabiltzaile guztiei zuzendutako seinaleztapena jartzea proposatu dute. Goiko biderako ere egin dituzte proposamenak.
Brinkola eta Telleriarteko beheko bidea, Korta auzunearen inguruan. Legazpin, Telleriarte eta Brinkola auzoak lotzen dituen beheko bidean segurtasuna hobetzeko proposamena landu du EH Bilduk. Bide horretan oinezkoak, korrikalariak, txirrindulariak eta ibilgailuak elkartzen direla azaldu dute EH Bilduko ordezkariek, eta “uda garaian handitu egiten da bertatik ibiltzen diren pertsona eta batez ere, haur eta gaztetxo kopurua”. Era berean, “trafiko handia dagoela eta momentu arriskutsuak sortzen direla” sumatu dutela diote.
Arazo horretaz jabetuta Brinkolako auzotarrekin bilera egin dute, “bertakoei entzun eta egoerari irtenbidea bilatzeko”. Bileran adostu zutenez, “beharrezkoa” da autoen, oinezkoen eta bizikleten arteko elkarbizitza arauak zehaztea, arau horiek komunikatzea, seinaleztapen egokia jartzea eta pedagogia lana egitea.
Proposamenak
Neurri orokor horiek gauzatze aldera, antzeko ezaugarriak dituzten bideak bilatu dituzte eta horietan erabiltzen den seinaleztapena aztertu dute. Ondoren, hainbat proposamen zehatz planteatu dituzte. Lehena autoen abiadura muga zehaztea da, eta muga hori, seinale bidez adieraztea. Bigarrena da beheko bidea bertakoentzat bakarrik baimentzea, eta auzotarrenak ez diren autoak goiko bidetik bideratzeko seinaleak jartzea, horrela beheko auto kopurua gutxituz. Hirugarrenik, beheko bidea oinezkoek, bizikletek eta autoek partekatzen dutela adierazten duten seinaleak jartzea proposatu dute, eta errepidean bakoitzak izan behar duen kokapena eta jardunbideak adieraztea ere bai.
Behin elkarbizitza egokirako proposatu dituzten neurriak inplementatuta, herritar guztiei komunikatu beharko litzaieke, eta udaltzainak pedagogia lana egin beharko luke.
“Bide hau uda partean aterpe klimatiko bat dela esan dezakegu, erreka ondotik doa eta itzala dauka. Jarduera fisikoa eta bizimodu osasuntsua sustatzeko paseorako gune egokia, baina, denok gara bide honetako erabiltzaile noizbait —oinezko, txirrindulari edo gidari—. Elkar ulertzea eta errespetua izatea ezinbestekoa da elkarbizitza seguru eta jasangarri baterako”.
Goiko bidea
Bide honetan ibilgailu kopurua mugatuz gero, goiko bidea erabiltzea bultzatzeko, “horren egoera hobetzea ezinbestekoa da” EH Bildurentzat. Batetik, errepide bazterrak garbitu behar direla diote. Bestetik, abiadura muga zehaztu eta abiadura moteltzeko estrategia zehatzak landu ere beharko lirateke, eta adibide gisa Ormaiztegin eta Zerainen jarrita dauden trabagarriak aipatzen dituzte, baita konkorrak eta seinaleztapen egokia ere…
Goiko bide honetan aurten ez direla bazterrak garbitu ere gogoratu dute, eta Gipuzkoa EH Bilduk Batzar Nagusietan horri buruzko galdera erregistratu duela jakinarazi du.












