Lierniko erromeria egingo dute igandean ormaiztegiarrek

Urtero bezala, Lierniko erromerian elkartuko dira ormaiztegiarrak igande honetan. Egun «kuttuna» da ormaiztegiarrentzat eta adin guztietarako eta egun osorako egitaraua prest dute dagoeneko. Ehunmilak mendi lasterketako ibilbidea ere bertatik igarotzen denez, kirol probaz gozatzeko aukera ere izango dute bertaratzen direnek.
Salda banaketarekin emango diote hasiera egunari 11:30ean. Haur jolasak izango dira 12:30ean eta meza 13:00etan. Mezaren ostean, Urmaiz abesbatzak urteroko kontzertua eskainiko du. Aurtengoa bereziagoa izango da, abesbatza 20. urteurrena ospatzen ari baita eta orain 20 urte Lierniako erromerian egin zuten, hain zuzen, jendaurreko lehendabiziko emanaldia. Bazkari herrikoiari 14:30ean emango zaio hasiera eta Ahantzi erromeri taldearekin girotuko dute bazkalondorena 16:00etatik aurrera. Amaitzeko, toka txapelketa, 18:00etatik aurrera.