Urmaizen 20 urteko ibilbidea kontzertu batean irudikatuta
Abesbatza sortu zeneko 20. urteurrena beteko da aurten. Ospatzeko lehenengo kontzertu berezia larunbat honetan da.

Urmaiz abesbatzak 20 urte beteko ditu aurten eta ospatzeko, ohikoez gain, hiru emanaldi nagusi eskainiko dituzte urtean zehar. Lehendabizikoa larunbatean izango da, San Andres elizan 19:00etan. Berezia izango dela aurreratu du Alazne Ezkurdia Urmaiz abesbatzako lehendakariak, urte guzti hauetan koruko kide izandako abeslariek eta zuzendariek ere parte hartuko dutelako.
Urmaiz abesbatza 2005ean sortu zen udalaren ekimenez. «San Andres izeneko abesbatza handi bat izan zen herrian. Ormaiztegi herri txikia izanagatik, 55 kide izatera iritsi zen. 70. hamarkadan desagertu zen eta hura berreskuratzeko asmoz sortu zuten Urmaiz», kontatu du.
Debora Herrero ordiziarra izan zen lehendabiziko zuzendaria, «urte betez», eta gero, Alberto Saez Puentek hartu zuen zuzendaritza. «15 urtez izan zen Urmaizeko zuzendaria eta asko ikasi genuen berarekin», dio. Azken lau urtetan Lazkaoko Jabier Alberdi dabil zuzendaritza lanetan. Musikarekiko zaletasuna zuten herritarrak batu ziren hasierako taldera, «gehienok musika ezagutza gutxirekin». 20 urte hauetan bilakaera izan du abesbatzak ezagutzaren eta kalitatearen aldetik, «puntako musikari eta abeslariekin lan egiteko gai izan gara», dio harro Ezkurdiak.
Emanaldi gogoangarriak
Hasieratik, herriko egutegiak markatutako emanaldiak eskaini dituzte: San Andres jaiak, Lierniko erromeria, Santa Ageda bezpera, Gabonak… «Lierniko erromerian eskaini genuen lehendabiziko kontzertua Herreroren zuzendaritzapean», dio. Baina emanaldi finko horiez gain, bestelako emankizunak ere egin dituzte, 2015 eta 2020 urte artekoak izan zirelarik oparoenak. Jesus Guridiren El Caserio zarzuela du bereziki gogoan: «100 bat parte hartzaile izatera iritsi ginen». Ormaiztegin ez ezik, Goierrin ere makina bat kontzertu eskaini dituzte baita «Donostian, Gasteizen edo Miranda de Ebron (Burgos, Espainia) ere».
30 kiderekin hasi zen Urmaizen ibilbidea, baina gaur egun 16 dira: «50 eta 82 urte artean ditugu, gehienak 60 eta 70 bitartean eta hiru gizonezko soilik». Baikorra izan nahi duen arren, etorkizuna «ilun» ikusten du: «aurten ahots berri bat batu zaigu taldera, baina ez da erraza. 15-16rekin jarraitzeko moduan gaude, baina gutxitzen bada, ez genuke etorkizun handirik izango».
Larunbatean, 20 urte hauetan landutako abestien bilduma eskainiko dute, euskal abestiak, elizakoak eta doinu herrikoiagoak uztartuz, hiru zuzendarien parte hartzearekin. Hurrengoa Lierniko erromerian izango da «larunbatekoa baino xumeagoa». Eta urtea borobiltzeko Gabonetan Gabriel Faure konpositore frantsesaren El oratorio de Noel eskainiko dute Gabonetan.