Ehunmilak trilogiaren planifikazioa irauli du eguraldiaren iragarpenak
Ehunmilak larunbat goizean abiatuko da, eta Goierriko Bi Handiak larunbat arratsaldean. EHMek 125 kilometro izango ditu. Marimurumendi Maratoia, bere horretan mantenduko da.
Ehunmiletako antolakuntzako kideak buru-belarri lanean, atzo.Ariane Vierbücher Ehunmilen hamalaugarren edizioa ez da aurreikusitako moduan abiatuko. Euskalmeten azken orduko eguraldi iragarpenak, euri eta haize arriskuarekin, erabakigarriak izan dira antolakuntzak segurtasun neurri zorrotzak ezartzeko. Horren ondorioz, Ehunmilak proba nagusia larunbat goizean abiatuko da, 11:00etan, eta ibilbidea 125 kilometrotara laburtuko da. Goierriko Bi Handiak proba, aldiz, larunbat arratsaldean abiatuko da, 19:00etan, eta bere ohiko ibilbidea mantenduko du momentuz. Igandeko Marimurumendi proba bere horretan mantenduko da, eta aurreikusitako orduan abiatuko dira lasterkariak.
«Segurtasuna lehenetsi da, Ehunmilak ez da bertan behera gelditzen, egokitu egiten da»
Aldaketa horiek guztiek eragina izango dute parte hartzaileen, boluntarioen, ikusleen eta herritarren plangintzan. Hala ere, antolakuntzaren mezua argia da: «Segurtasuna lehenetsi da, Ehunmilak ez da bertan behera gelditzen, egokitu egiten da».
Ehunmilak, 171tik 125era
Urteko mendi lasterketarik garrantzitsuenetakoa izanik, Ehunmilak ultra trailak beti pizten du itxaropen eta emozio berezi bat. Aurten, baina, baldintza klimatologikoek erronka fisikoari egokitzapen estrategikoa gehitu diote.
Antolakuntzak atzo arratsaldean baieztatu zuenez, hasierako 171 kilometroak egokitu dituzte, eta hala, ibilbidea 125 kilometrotara mugatuko da, segurtasun arrazoiak medio. 48 ordu beharrean, 31 orduko gehieneko denbora izango dute partaideek distantzia berria egiteko. Korrikalariek behar duten materiala larunbatean 09:00etatik 10:00etara ere uzteko aukera izango dute, eta ordu berean jasoko dituzte geolokalizazio gailuak. 10:00etatik 10:45era izango da irteeraren kontrola. Lehenengo korrikalaria igandeko 01:30 aldera helmugaratzea aurreikusi dute. Zehazki zer gune saihestuko den ere jakinarazi zuten ofizialki. Beasaindik Usurbeko gaina zeharkatuta, Urretxu-Zumarraga aldera egin beharrean, Tolosa aldera abiatuko dira zuzenean.
G2H ordutegi berria
Goierriko Bi Handiak, 90 kilometroko luzera eta 6.000 metroko desnibel positiboa dituen proba, gaur, gaueko 23:00etan abiatzekoa zen. Orain, antolakuntzak erabakitako aldaketarekin, larunbatean 19:00etan aterako da. Momentuz, hori da hartu den erabakia, printzipioz ibilbide bera mantenduko da, eta aurreikusitako anoa guneak eta kontrolak mantenduko dira. Materialaren uzteko aukera izango dute larunbatean ere, 17:00etatik 18:00etara, eta geolokalizazio gailuak ere ordu horretan jasoko dituzte. 18:00etatik 18:45era egingo dute irteeraren kontrola. Lehenengo korrikalariaren helmugaratzea 05:00etarako aurreikusi dute.
Korrikalari askorentzat, ordutegi berriak abantaila suposa dezake; egunez hasiko baitute lasterketa, eta lehen kilometroak argiarekin eginda, gauaren gogortasuna geroagorako utziko dute.
MMM, bere horretan
Marimururumendi maratoia aurreikusitako moduan mantenduko da. Igande goizean, 08:00etan hasiko da, 42 kilometro eta 2.300 metroko desnibel positiboarekin. Momentuz ez dago aldaketa aipagarririk, eta giro herrikoia eta jendetsua espero da Beasaingo eta inguruetako mendietan.

Ehunmiletako partaideak dortsalak jasotzen, Gernika pasealekuko gunean.Ariane Vierbücher
Segurtasuna lehentasuna
Ehunmilak trilogiaren antolakuntzak adierazpen ofiziala egin zuen atzo arratsaldean eta jakinarazi zuenez aldaketak eguraldiaren iragarpenean oinarrituta hartu dira, eta erabakiak korrikalarien, boluntarioen eta ikusleen segurtasuna bermatzeko hartu da.
Litekeena da hurrengo orduetan informazio gehiago ere helaraztea. Horretarako, eskatu dute ehunmilak.com webgunera eta haien sare sozialetara arreta jartzeko. Era berean, komunikabide honek, edozein informazioren eguneraketa egingo du goierri.hitza.eus webgunearen eta sare sozialen bidez.
Mikel Valdivielso lasterketa buruak nabarmendu du, urte guztiko lana dela horrelako kirol ekitaldi erraldoi bat antolatzea. Azken orduetan hartutako erabakiak ordea, ordu gutxitan plangintza erabat berrantolatzea eskatu du. Aldaketa hauek guztiek proiektu hau osatzen duten komunitate guztiari suposatzen dion ahalegina kontuan hartuta egin dira, «guztien ulermena eta laguntza eskertuko genuke».
Emozioa aurretik
Atzo arratsaldeko 17:00 inguruan egin zuen publiko erabakia Ehunmiletako antolakuntza taldeak, hain justu, dortsalen banaketa hasi zen unean, eta hainbat partaideren iritziak jasotzeko aukera izan zuen Goierriko Hitzak. Iritzi orokorra da antolakuntzak beharrezko erabakia hartu duela. Olaia Martin berastegiarra da eta G2H egingo du. «Antolakuntzak erabaki arduratsua hartu du, horrela behar zuen», adierazi zuen aldaketaren informazioa jaso eta berehala. Iraitz Velazquez beasaindarrak, G2Hz gain, Marimurumendi maratoia egiteko asmoa zuen. «Ordutegi aldaketa dela eta, G2H egingo dut bakarrik. Pena da, biak egiteko prestatu naizelako, baina egokia da erabakia».
«Antolakuntzak erabaki arduratsua hartu du, horrela behar zuen».
Olaia Martin. Korrikalaria
Urrutiagotik etorritakoak ere baziren, noski. Vicente Selva Elchetik (Alacant) etorritakoa, Ehunmilak egitekoa da. «Antolakuntza pertsonalaren aldetik, lo egiteko lekua genuenez, aldatu egin beharko dugu, baina tira, arriskua ekiditeko bada, ondo hartutako erabakia da», borobildu zuen.
«Ordutegi aldaketa dela eta, G2H egingo dut bakarrik. Pena da, biak egiteko prestatu naizelako, baina egokia da erabakia»
Iraitz Velazquez. Korrikalaria
Aldaketekin ere, partaideek aukera izango dute norbere indarrak neurtzeko. Momentu honetan guztiak daude mendira begira, baina batez ere, zerura begira.













