Hiru asteko atzerapenarekin, gaur zortzi iritsiko dira Saharako haurrak Goierrira
Aurten, bi haur Saharar hartuko dituzte harrera familietan Urretxun eta Zumarragan. Zeraingo aterpetxean 12 haurrek hartuko dute ostatu eta elkartasun bilketa deitu dute herritarren artean.

Aljeriako basamortuko kanpalekuetako dozena bat haur saharar uztailaren 17an iritsiko dira, azkenean Zerainera, Oporrak Bakean egitasmoari esker. Hasiera batean, ekainaren 30ean iristea aurreikusita bazegoen ere, Espainiako eta Aljeriako gobernuen arteko arazo burokratikoen ondorioz, estatu mailako hegaldi ia guztiak bertan behera utzi behar izan zituzten. Fronte Polisarioaren ordezkaritza eta Sahararren Lagunen elkarteak buru belarri aritu dira lanean baimenak lortu eta basamortuko beroaldietatik aldenduko dieten hegaldiak berriz programatzeko.
Haur hauek harreran hartuko dituzten familien kopuruak behera egin du azken urteetan. Aurten, harrera familietara Gipuzkoara 88 haur etorriko dira eta Goierrira bi soilik; Urretxun eta Zumarragan. Horregatik, Zeraingo aterpetxean 12 haur hartzeko egitasmoa martxan jarri du Zerainen bizi den Maria Rodriguez beasaindarrak. Ordiziako Orkli kooperatibaren Orklide lehiaketan irabazitako 35.000 euroko diru sariak eman zion proiektua martxan jartzeko bultzada.
Elkartasunerako deialdia
Orain azken orduko antolaketa lanetan murgilduta dabil. Zeraindarren artean elkartasun bilketa bat antolatu dute: barazkiak —tomatea, tipula, azenarioa, letxuga, kuiatxoa, piperrak—, patatak, baratxuriak, fruta… bildu nahi dituzte uztailaren 17an Saharako haurrak iristen direnerako. Produktuak Zeraingo aterpetxera eramateko eskatu dute.