Ikasle ugari bildu ditu Eskola Ibiltariaren aurreneko egunak
Zaldibia izan zuten aurreneko eguneko topaleku. Lazkaora abiatu dira gaur.

Atzo hasi zen Goierriko Ikasle Abertzaleakek antolatutako Eskola Ibiltaria, Zaldibian. Goizean goizetik pankartaz lepo atonduta zeuden herriko plaza, frontoia eta gaztetxea, eta gutxika-gutxika hasi ziren gerturatzen ikasleak. Goizean, 10:00etan egin zuten harrera eta jarraian abiarazi zuten tailer-tanda. Bi bloketan banatu zituzten: batetik, gaiztakeri, zeinu-hizkuntza eta autodefentsa tailerrak egiteko aukera eskaini zuten plazako jubilatuetan, eta, bestetik, grafiti eta kustomizazio tailerrak egiteko aukera gaztetxean.
Ondoren, herrigunean bertan bazkaria egin zuten eta bukatu bezain laster eman zioten eskualdeen arteko lehiari hasiera; ginkana moduan, Gipuzkoako eskualde desberdinetako ikasleak lehiatu ziren elkarren artean, 6-10 laguneko taldeetan banaturik, proba desberdinak gauzatuta. Egungo testuinguru politikoan jo-puntuan dagoen gerraren gaiari ere heldu zioten aisialdiko eskaintzaren ondoren, gerraz bertso jarrien emanaldia eskainita. Afaria egin zuten ostean, eta egunari amaiera borobila emateko, solasaldia izan zuten: Euskal Herriko mugimendu sozialistaren hastapenaz hausnartu zuten, plazako frontoian.
Gaur, Lazkaora
Gaur goizean abiatu dira Lazkaora, Lazkaomenditik, eta bertan egingo dute eguerdiko mokadutxoa. Iritsitakoan, ikasle eta gazte langileen erronken inguruan jardungo dira, eta jarraian bertso-bazkaria egingo dute. Arratsaldean, berriz, ekimenari amaiera emateko, pala eta pilota partidak eta ekitaldi politikoa izango dituzte, ikasleria osoa elkartuta.