Kata hidrogeologikoak «hastear» dira Aralarren
Martin Aramendi Ataungo alkateak esan duenez, «baimenak ematera behartuta» daude. Gipuzkoako sei gunetan eta Nafarroako batean egingo dituzte. 300 metrora arteko zulaketak egingo dituzte.

Datozen asteetan hasiko dira Aralarko mendilerroan egingo dituzten kata hidrogeologikoak. Hala jakinarazi du pasa den asteartean Jose Antonio Santanok, Espainiako Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Estatu Idazkariak; lurpeko azterketak dira, Ezkio eta Iruñea lotuko lituzkeen Euskal Y-aren tunelak ingurumenean izan dezakeen eragina neurtzeko baliagarriak direnak.
Martin Aramendi Ataungo alkateak adierazi du ez dela Ataunen zundaketak egiten dituzten aurreneko aldia. Gogoratu du 2023an hasi zirela baimenik gabeko zundaketa bat egiten, «geldiaraztea» lortu zutena: «Guk obra-baimena emateko beharrezko agiriak eskatu genizkien. Handik bi hilabetera egin zuten eskaera, baina eskatutakoa aurkeztu ez zutenez, ezerezean geratu zen».
Aurrera eramango dituzten kata hauek, lur azpiko egitura eta bertako ur mugimenduak hobeto ezagutzeko balio dute, baita lurzoruaren egonkortasunean tunelak izan dezakeen kaltea neurtzeko ere. «Espero dugu lanak berehala hastea», adierazi du Santanok. Zundaketa hauek zazpi gunetan egingo dira: sei Gipuzkoan eta bat Nafarroan.
Herriaren jabetzakoak
Aramendik dio duela hilabete eta erdi eskatu zutela agintariek Ataunen bi zundaketa egiteko baimena. Herri-lurretan egin nahi dituzte, hau da, mendietan dauden bi pista desberdinetan: «Herriaren jabetzakoak dira, ez jabetza partikularrekoak». Horretarako 2023an baino «dokumentazio osatuagoa» aurkeztu dute agintariek oraingoan, nahiz eta bakarra falta zaiela ziurtatu duen: «Herri-bideetan ibilgailu astunekin ibiltzeko ordenantza bat daukagunez, zundaketak egiteko erabiliko dituzten ibilgailu motak zeintzuk diren jakin nahi dugu. Hori da eskatu dieguna».
Oraindik aurkeztu ez dituzten agiriak dira horiek. «Ez ditugu agiriak oraindik, eta beraz ez dakigu noiz hasiko diren zundaketekin», ziurtatu du. Behin hori aurkeztutakoan, baina, azaldu du «derrigor» baimena eman behar dutela: «Nahiz eta gu proiektuaren eta zundaketen aurka egon, baimena ematera behartuta gaude». Zundaketak «oso sakonak» izango dira, eta 300 metrora arteko zulaketak egingo dituzte leku batzuetan. Teknika aldetik lan konplexuak direnez, «hilabete batzuetako lana» izango dela argitu du Santanok.
«Elkarlanik ez»
Jarduketa horiek udalerriei zein lur-jabeei eragin diezaieken ondorioak aintzat hartuta, nabarmendu du zenbait udalekin eta jabe pribatuekin egindako elkarrizketak «oso aurreratuta daudela», eta «elkarlanean» dihardutela.
Aramendik, ordea, desadostasuna adierazi du horrekin: «Gure kasuan dei bat jaso genuen orain hilabete ministeriotik, baimena eskatzeko asmoa zutela esanez. Nik esan nien baimena nahi bazuten, derrigorrezkoa zela eskatutako agiri guztiak entregatzea. Hor gelditu zen harremana. Ez da bestelako kontakturik egon, ezta elkarlanik ere. Ez behintzat gure kasuan».
2026rako prest
Santanoren arabera, zundaketa hauek egiteko denborak errespetatzen badira, baliteke dokumentu teknikoa 2026ko hasieran prest egotea, proiektuaren atzerapenak murrizteko helburuarekin: «Kata guztiak aurten eta datorren urtearen hasieran egiten baditugu, agian udaberriaren hastapenerako txostena prest egongo da».