TEK Ormaiztegi Tokiko Energia Komunitatean izena emateko epea luzatu dute
Bazkide berriak izan nahi dutenek uztailaren 31ra arte eman ahal izango dute izena.

TEK Ormaiztegi Tokiko Energia Komunitateak berriro ireki du izena emateko epea, eta udalerriko biztanleei aukera eman die “energia komunitate berritzaile, jasangarri eta kolektibo batekin” bat egiteko. Izena emateko azken eguna uztailaren 31 izango da. TEK Ormaiztegitik jakitera eman dutenez, “orain da izena emateko unea, proiektu honetan parte hartzeko epea doan luzatu baitugu 2030era arte”.
Udal eraikinetan dauden eguzki instalazio fotovoltaikoei esker, “bazkideek energia % 100 berriztagarria eta lokala kontsumitu ahal izango dute, betiere beren etxebizitza edo merkataritza instalazio horietatik 5 kilometroko erradioan badago”.
Komunitatean parte hartzeko, ez da beharrezkoa etxean edo merkataritzan inolako obrarik egitea, eta, gainera, erabat doakoa da, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako eta bermatutako proiektua baita.
Gero eta pertsona gehiago ari dira autokontsumo kolektiboko eredu honetaz gozatzen, “faktura elektrikoa murriztuz eta trantsizio energetikoari aktiboki lagunduz”, tokiko proiektu batekin. TEK Ormaiztegik energia garbia kontsumitzeko “modu erraza” eskaintzen du, udalerrian bertan sortua eta komunitateak kudeatua.
Ekimen honekin bat egin nahi dutenek udaletxean edo webgune ofizialaren bidez eman dezakete izena, baita informazio gehiago eskatu ere astelehenetik ostiralera 10:00etatik 18:00etara doan 900 859 695 zenbakira deituta.