Badatoz Goierriko bi Handiak
19:00etan abiatuko dira Loinazko San Martin plazatik 550 korrikalariak. Ohiko ibilbidea osatuko dute.

Aralarren barrena dabiltza Ehunmilakeko korrikalariak eta aurki gehituko zaizkie Goierriko Bi Handiak traileko partaideak. Arratsaldeko 19:00etan irtengo dira izena eman duten 550 mendi korrikalariak; Loinazko San Martin plazako aldapatik behera, Kale Nagusian behera abiatuko dira Aralarrera bidean.
Bigarren proba honetan ez da aldaketarik izango, eta aurretiaz balizaturiko ibilbidea egingo dute: Zaldibiatik Larraitzera, Txindokiko leporaino. Uarrainera gero, Lizarrustira jaitsi, Etzegarate, San Adrian, Oazurtza eta Mutiloatik Beasainera. Batzuek gau bakarra pasatuko dute mendian, beste batzuek bi beharko dituzte ibilbidea osatzeko.
550 korrikalarik hartuko dute parte. Inoizko datu jendetsuenak. Horietatik 56 dira emakumezkoak. Tartean, hego euskal herritarrak dira nagusi (428), eta Goierriko ordezkaritza handia ere badu: 97 goierritarrek eman dute izena, Beasaingoak izanik gehienak: 38. Denek ala denek, helburu bat izango dute: Goierriko bi parke naturaletan barrena, 90 kilometroko eta 5.500 metro desnibel positiboko ibilbidea osatzea, Beasainen bertan helmugaratzeko.