Fidel Fernandez lider, Tolosa igarota
Aurreneko gizonezkoak iritsi dira Tolosara, eta Fidel Fernandez espainiarrak jarraitzen du buru. Emakumezkoak Santa Ageda igaro berri dute, eta Chelo Velasco igaro da azkarren.

Badoaz gutxika-gutxika aurrera Ehunmilak ultra traileko korrikalariak. Hiru ordu, bi minutu eta 48 segundotan Fidel Fernandez iazko irabazlea izan da Tolosatik igarotzen azkarrena, eta segidan, zazpi segundo eskasera jarraitu dio Ander Gerrikaetxebarria zornotzarrak. Morgan Aubert igaro da hirugarren (3:04:15), eta Unai Dorronsoro beasaindarra laugarren (3:07:26). Ordu luzeak dituzte oraindik aurretik, eta Jazkue gainera doaz orain.
Emakumezkoetan, berriz, iazko protagonistetako bat izan zen Chelo Velasco espainiarra izan da Santa Ageda igaro duen aurreneko korrikalaria. Ordubete, 34 minutu eta hamazazpi segundo behar izan ditu horretarako. Minutu pare batera jarraitzen dio Eva Lizarralde oiartzuarrak. Zelatunera bidean dira orain.