Korrikalarien lehia estua izaten ari da ibilbide osoan
Gizonezkoetan Unai Dorronsoro, Ander Gerrikaetxebarria eta Fidel Fernandezen artean espero da irabazlea, eta emakumezkoetan, berriz, Chelo Velasco da hautagairik garbiena.

Norgehiagoka ikusgarria izaten ari da Ehunmilak ultra traileko aurreneko hiru gizonezko korrikalarien artean, eta lehia estua egongo da oraindik ere Loinazko San Martin plazara iritsi aurretik. Unai Dorronsoro beasaindarra, Ander Gerrikaetxebarria zornotzarra eta Fidel Fernandez espainiarra doaz lasterketaren buruan, eta Fidel Fernandez lider gisa doan arren, kontrol-gune batetik bestera aldatu daiteke hori; aurreneko hiru korrikalari hauen artean espero da podiumeko lehia.
Emakumezkoen artean, berriz, Chelo Velasco espainiarra lasterketa ezin hobea egiten ari da, eta ibilbide guztian zehar izan da lasterketaren buru. Oraindik ere hala jarraitzen du, Lizarrustira bidean, bigarrenetik hogeita lau minutuko aldean. Eva Lizarralde oiartzuarra doakio jarraika, eta hirugarren postuan da Cristina Bataller kataluniarra.
125 kilometroko ibilbidea osatuko dute, eta aurreneko korrikalariak 1:45ak aldera helmugaratzea aurreikustean da.