Mokelak irabazi du Ordiziako kuadrillen arteko futbol txapelketa
Luzapeneko 3. minutuan sartu dute Gauss taldearen aurkako lehenengo gola, eta 19. minutuan bigarrena, partida ixteko.

Ordiziako kuadrillen arteko futbol11 txapelketa bukatu da, ohi bezala, Santa Ana jaien aurreko asteburuan jokatuta finala. Gaur goizean izan da Gauss eta Mokela taldeen arteko norgehiagoka. Mokela 2 eta 0 nagusitu da.
Altamirako anexoko zelaia herritarrez bete da finala ikusteko. 40 minutuko bi zati jokatu dituzte aurrena, baina 0-0 iritsi dira amaierara, aukera argirik gabe. Aukerarik argiena Mokelak izan du bigarren zatiko azken minutuan. 10 minutuko bi zatiko luzapenera joan dira partida erabakitzeko. Luzapeneko 3. minutuan sartu du lehen gola Mokelak, eta 19. minutuan, bigarren zatian, partida erabakita utzi dute 2-0eko markagailuarekin.
Txapelketan parte hartu duten kuadrillek elkarrekin bazkalduko dute, eta jai giroan murgilduko dira gero. Hamabi taldek parte hartu dute txapelketan.