Segura Erdi Arora itzuli da
Hamar urteren ondoren, Erdi Aroko festa ospatu dute gaur Seguran, goiz eta arratsalde. Kaleak eta eraikinak Erdi Aroko itxurarekin apaintzeaz gain, herritarrak garai horretako jantziekin atera dira kalera, atarietan ofizio ezberdinak egon dira ikusgai eta garaiko erakustaldiak egin dituzte, tartean, gari jotzea.

Segura Erdi Arora itzuli da egun batez. Hamar urteren ondoren, Erdi Aroko festa berreskuratu dute eta gaur ospatu dute, goiz eta arratsalde, Harresitik karkabara Erdi Aroko elkarteak antolatuta. 2015ean egin zuten azkenekoa. Inguruko eta kanpoko herrietako jendea ere gerturatu da festaz gozatzera, baina segurarrak izan dira inplikatu nagusiak festan. Kaleak eta eraikinak Erdi Aroko itxurarekin apaintzeaz gain, herritarrak garai horretako jantziekin atera baitira kalera. Atarietan ofizio ezberdinak egon dira ikusgai (gozotegia, mailegu emailea, sendabelarrak, inkisizioa, noblezia…) eta garaiko erakustaldiak egin dituzte, tartean, gari jotzea eta burukoen desfilea. Umeentzako jolasak ere izan dira. Segurako arkitektura baliatuta eta herritarrek egindako lanari esker, herria Erdi Arokoa izatera igaro da.















































