G2Hko podiuma, Ander Iñarra, Mikel Intsausti eta Aitor Zunzunegi
Podiumean sartu dira bi goierritar: Intsausti beasaindarra eta Zunzunegi legorretarra.

Atzo Beasaingo plazatik 19:00etan abiatu eta Aralarren eta Aizkorrin barrena 90 kilometro egin ondoren, 05:50ean, Ander Iñarra lezotarra izan da helmugara iristen lehena, 10:42:43 denbora osatuta. Iaz bigarrena izan zen Iñarra, 10:15.30 denborarekin.
Helmugara iristen hurrenak, goierritarrak izan dira. Atzetik aurrerako lasterketa eginez, bigarren iritsi da Mikel Intsausti beasaindarra (11:09:49) eta hirugarren Aitor Zunzunegi legorretarra (11:22:29).

Mikel Intsausti beasaindarra, bigarrena izan da G2Han.Loinaz Agirre.
Iritziak
Ander Iñarraren esanetan, ordu aldaketak “zaildu” egin du G2H proba. Iaz bigarren egin zuen Iñarrak eta proba ezagutzen zuen, baina aitortu duenez, ordutegi aldaketarekin “asko-asko aldatzen da lasterketa”.
Kopetako argia Ganbotik behera basoan sartu direnean piztu behar izan dute. 3 ordu inguru bakarrik egin dugu egun argitan, hasierako hiru orduak. Lizarrustitik Etzegaraterra bitartean lainoa izan dute, “laino itxia, metro bat edo bi bakarrik ikusten zen, eta ezin korrika lasai egin. Ezin hankak luzatu, eta horrek muskularki gehiago nekatzen du”
Etzegaratetik aurrera hobeto jarraitu du. “Hala nola igo dut Aizkorri, baina Aizkorriko jaitsiera ere gauez zen, bestetan egunez egiten da, eta asko aldatzen da. Irristakorra zegoen, kontu gehiagorekin ibili behar da, nekea daramazu… Eta Andraitzetik behera beste horrenbeste. Horregatik atera da denbora hau”.
Aurten podiumaren goren mailara igotzea eta iazko arantza ateratzea lortu du.
Mikel Intxausti beasaindarra ere Iñarraren iritzi berekoa da. “Gogorra joan da. Hasieran beroa eduki dugu. Lizarrustitik aurrera ez zen ezer ere ikusten, poliki-poliki joan naiz trackari jarraituz. Aizkorri aldea ere gaizki dago. Bustia zegoen harria, zatirik txarrena hori izan da niretzat. Gero buelta eman diot eta ondo”.

Aitor Zunzunegi legorretarra.Loinaz Agirre
Aitor Zunzunegi legorretarrak osatu du podiumeko hirukotea. Lehenengo aldiz egin du distantzia hain luzeko lasterketa bat. “Iaz maratoia egin nuen. Aurten dortsala neukan eta bost ordutik nola erantzun nuen ikusi nahi nuen”.
Sensazioa galdetutakoan, “nekea!” erantzun du. “Bero egin du eta gaua luze” egin zaiola nabarmendu, batez ere, Mutiloatik Beasainera artekoa. Gaur ez zaio berriz errepikatzeko gogorik geratu, “bihar ez dakit”, dio legorretarrak.
Emakumezkoetan
Une honetan emakumezkoetan lehen postuan Olatz Azazeta altsasuarra doa, bigarren postuan, Leire Martinez santurtziarra eta hirugarrenean, Raffaela Ciavola.
Lehen goierritarra, Uxua Barandiaran da, laugarren postuan.