Olatz Azazeta eta Maria Victoria Soler, G2Hko eta Ehunmilako irabazleak
Bi lasterketetako lehenengo bi neska korrikalariak minutu gutxiko aldearekin iritsi dira helmugara.
G2H probako emakumeen podiuma. Ezker-eskuin: Raffaella Ciavola gasteiztarra, Olatz Azazeta altsasuarra eta Leire Martinez santurtziarra. Aimar Maiz Olatz Azazeta altsasuarra izan da aurtengo lehen emakumea Beasaingo helmugan. Hain zuzen ere, G2Hko probako irabazlea da, iaz bigarren postua lortu zuen Azazeta.
Iaz 12:39:13 denbora behar izan zuen 90 kilometroak osatzeko, eta aurten, bere esanetan, ordu aldaketak eraginda, ordubete pasa gehiago behar izan du helmugara iristeko (13:48:53), gizonezkoetan gertatu den bezala.
Bigarren sailkatua Raffaela Ciavola gasteiztarra izan da (14:32:15) eta hirugarrena, Leire Martinez santurtziarra (14:46:45).
Lehenengo goierritarra eta lehen beasaindarra, Uxua Barandiaran izan da (15:34:34), seigarren postua lortuta.

Maria Victoria Soler Ehunmiletako irabazlea.Aimar Maiz
Murtziarra, Ehunmilatan
Minutu gutxira sartu da helmugan Maria Victoria Soler murtziarra. 21:52:13ko denbora behar izan du Ehunmilako probako 125 kilometroak osatzeko.
Lehenengo aldiz hartu du parte murtziarrak Ehunmilatan, eta bidean izan dituen zailtasunak eta oztopoak gainditzeko izan duen gaitasuna nabarmendu du.
Bigarrena Eva Lizarralde oiartzuarra izan da (22:16:46) eta hirugarren Cristina Bataller kataluniarra (22:17:43).












