Mandubin gora-behera dabil Ibai Uribe, goizetik
Hamalau ordu baino gutxiagoan 25 aldiz Mandubiko mendatea igo eta jaisteko erronka pertsonala egin du, aitaren hilketaren 24. urteurrena dela eta. Amari aitortza ere egin nahi izan dio.

Gaur hasi du Ibai Uribek, Mikel Uribe Martiaranen semeak, aita zena omentzeko erronka pertsonala: Egun bakarrean Mandubiko mendatea 25 aldiz igo eta jaistea. Izan ere, gaur hogeita lau urte bete dira ETAk Mikel Uribe, Gipuzkoako Ertzaintzako Ikuskaritza burua, hil zuela.
Goizeko 5:00etan hasi du erronka eta arratsaldeko 19:00ak baino lehen bukatzea espero du. Guztira, 300 kilometro eta 9.000 metroko desnibela duen ibilbidea osatuko du, hamalau ordu baino gutxiagotan. Goizeko aurreneko ordutik hurbildu dira haren senitarteko eta lagunak, animo hitzekin ondutako pankarta eta kamisetak soinean zituztela.
Igoeretako batean, Uribek geldialdia egin eta orain arteko sentsazioak partekatu ditu hedabideekin: “Oso ondo noa, zoragarria izaten ari da. Ametsa da niretzako. Babes ikaragarria sentitu dut hasiera-hasieratik. Eskuetatik joan zait. Oso pozik nago”.
Aitari egindako omenaldia izateaz gain, amari aitortza egiteko modua ere badela ziurtatu du: “Aita 23 aldiz izan da omendua, eta datorren urtean ere 25. urteurrena dela eta, egingo dira zenbait ekitaldi. Gaurkoa, baina, nik nire buruari egiten diodan oparia izateaz gain, amari egindako oparia ere bada. Goi-goian jarri nahi dut bere figura”.
Oraindik ordu luzeak ditu aurretik, eta beheraldiren bat edo beste izatea aurreikusten du. Gainerakoan, pertsona oro gonbidatu du bere ondoan parte hartzera, izan oinez edo bizikletan.