Ordiziako udal taldeek "onartezintzat" jo dute igande goizaldean gertatutakoa
Adierazpen bateratua argitaratu dute talde guztietako bozeramaileen batzordearen ostean. Adierazi dute "bizikidetzak errespetua eta erantzukizuna eskatzen" dituela eta "ez dela onargarria herritarren aurkako jarrerarik, inoren aldetik etorrita ere". Albiste barruan, adierazpena osorik.
Ordiziako Plaza Nagusia eta udaletxea. Ariane Vierbücher Ordiziako udal taldeek “onartezintzat” jo dute igande goizaldean gertatutakoa, esanez, “bizikidetzak errespetua eta erantzukizuna eskatzen” dituela eta “ez dela onargarria herritarren aurkako jarrerarik, inoren aldetik etorrita ere”.
Hemen hitzez hitz adierazpenean argitaratutakoa:
Uztailaren 12tik 13rako gauan Ordizian izandako gertaeren harira, Ordiziako udal talde guztietako bozeramaileen batzordeak honako adierazpena adostu du:
Bizikidetzak errespetua eta erantzukizuna eskatzen ditu, eta ez da onargarria herritarren aurkako jarrerarik, inoren aldetik etorrita ere.
Ordiziarrek beldurrik gabe bizitzeko eta festa egiteko eskubidea dute, eta eskubide hori urratzen bada, erantzule direnekiko beharrezko neurriak hartu behar dira. Zentzu horretan ikerketa abian da.
Onartezina da larunbatetik iganderako gauean Ordizian gertaturikoa, eta larria da ekintza horien ondorioz kaltetuak egotea. Jai giroan zebiltzan eta erasotuak izan ziren pertsonei, eta baita beren lana egitera bertaratu ziren eta erasotuak izan ziren segurtasun agenteei ere, Ordiziako Udalak elkartasuna adierazten die.
Ordiziako jaien atarian gauden honetan, ezinbestekoa ikusten dugu festak modu sanoan bizitzeko deia egitea, guztionganako errespetuan oinarrituta.













