Urrup antzerki taldearen estreinaldia, ostegunean
‘Biztanlerik gabeko etxeko biztanleak’ antzezlana estreinatuko du Urrupek, ostegunean, 20:30ean, Ordiziako Herri Antzokian.
Urrup antzerki taldeak ostegunean, 20:30ean, estreinaldia du Herri Antzokian. Enrique Jardiel Poncelaren Biztanlerik gabeko etxeko biztanleak lana taularatuko dute. Sarrerak 6 eurotan daude salgai leihatilako ordutegian, eta internet bidez ere eros daitezke.
Rosa Rojoren zuzendaritzapean, Gorka Lariz, Jose Luis Elorza, Marisol Cavero, Miguel Angel Veliz Lillo, Ana Martinez, Itsaso Ortega, Oskar Rebelo, Oihan Gorostiaga eta Urtzi Gorostiaga igoko dira oholtzara. Julen Iraolak egingo ditu soinu eta argiztapen teknikari lanak. Antzezlaneko kartela, beste behin ere, Eukene Lekuonaren diseinua izan da.
Antzerki taldeak Poncelaren lana egokitu eta itzuli egin behar izan du euskaraz eskaini ahal izateko. Komedia misteriotsu bat kontatuko du Biztanlerik gabeko etxeko biztanleak antzezlanean: gau hotz batean, kazetari batek, Raimundok, eta bere txofer Gregoriok matxura bat jasaten dute autoan baso bat zeharkatzen ari direnean. Aterpe posible bakarra baso erdian dagoen etxe zahar bat da, ustez biztanlerik gabekoa baina izaki arrotz eta fantasmagorikoz josia. Albiste on bat behar duten beste bi kazetarik, gaizkile talde batek eta emakume misteriotsu batek korapilatuko dute dena. Raimundok eta Gregoriok zentzugabeko egoera barregarri eta aldrebesak biziko dituzte.
30 urte baino gehiago
Urrup antzerki taldeak 30 urte baino gehiago daramatza antzerkia lantzen Rosa Rojoren zuzendaritzapean. Azken urteetan data batzuk zehaztuta dauzka lanak Ordizian taularatzerako orduan. Martxoaren 8aren bueltan izaten da bat, eta Santa Ana jaien atarian beste bat. Aurtengo martxoan El 27 lana aurkeztu zuen, eta iazko jaien bezperatan Hemen ez du inork ordainduko.













