Euskarabenturako jzioquitarrek urteroko geldialdia egin dute Zerainen
Euskarabenturak ez dio hutsik egin urtero Zerainekin duen hitzorduari. Atzo arratsaldean iritsi ziren 126 espedizio kide Zerainera. Gaua bertan igarota, Beasainera joango dira gaur oinez, abentura jarraitzeko.
Euskarabenturako espedizio kideen eta zeraindarren urteroko talde argazkia, atzo iluntzean. Hitza Euskal Herriko zazpi eskualdeetako gazteak barne hartzen dituen Euskarabentura espedizioa uztailaren 1ean abiatu zen Atharratzetik (Zuberoa). Hilaren amaierara arte, Euskal Herritik igarotzen diren Done Jakue bideko hiru adarrak osatzen ari dira. Uztailaren 31n amaituko da abentura Getxon (Bizkaia).
Atzo bazkalostean, Goierrira iritsi ziren bidaiariak eta urteroko geldialdia egin zuten Zerainen. Bidaiarien artean goierritarrak ere badira aurten: Haizea Iturriotz itsasondoarra eta Malen Murgiondo segurarra jzioquitarrak —abenturan parte hartzen ari diren gazteak—, Lide Urrestarazu mediku ordiziarra eta June Fernandez de Lezea xerpa zumarragarra.
Babesleen papera ere garrantzitsua da Euskarabenturan, haien ekarpen ekonomikoari esker gazteentzat kostu ekonomikorik ez duen espedizioa antolatu baitute, beste behin. Aurten abenturara batu diren babesle berrian artean Ormaiztegiko Irizar kooperatiba dago, besteren artean.
Euskarabenturaren 7. edizioa betetzen da aurten, belaunaldi gazteen artean hizkuntza ohituretan eragiteko helburuarekin. Espedizioak irauten duen bitartean, ibilbideko 27 herritan igaroko dituzte atseden egunak eta Zeraingo geldialdia derrigorrezko hitzordua bilakatu da azken urteetan ibiltarientzat.
Tortillak eta oilaskoa
Espedizio-kideentzako —126 gazte dira guztira— afaria prestatzen aritu ziren 40 bat zeraindar atzo goizetik. Euskaberren arrautzekin patata tortillak egin zituzten eta Lumagorriren eskutik oilasko izterrak erre zituzten parrilan. Entsalada, txorizo egosia, ardi gazta eta izozkiak osatu zuten atzo iluntzeko menua.
Guztiek elkarrekin afaldu zuten herriko plazan, 200 bat pertsona elkartu ziren guztira. Urtero bezala, Euskarabenturakoek antolatuta bertso saioa ere izan zen afalostean Zeraingo plazan. Maddi Aiestaran, Aner Peritz eta Ane Beloki izan dira aurtengo bertsolari gonbidatuak. Gaua Zeraingo frontoian igaro dute espedizio kideek eta gaur Beasainera joango dira oinez, han trena hartu eta Tolosara joateko.


















