Hodei Caballerok beste marka bat ondu du
Asteburuan 5 kilometroko martxako Euskadiko marka berria jarri du ordiziarrak, 20:22 denborarekin. Aurten, 5, 10 eta 20 kilometroko Euskadiko errekorrak gainditu ditu.
Hodei Caballero ordiziarra. Ordiziako Hodei Caballero martxako atletak Euskadiko hirugarren marka ondu du asteburuan, 5 kilometrokoa, 23 urtez azpikoen mailan. 20:22 denboran egin du.
Asteburuan euskal selekzioarekin Espainiako federazio txapelketan parte hartu du Caballerok. Aurtengo denboraldian, Euskadiko 10 eta 20 kilometroko errekor berriak ere jarri ditu ordiziarrak.
Denboraldi bikaina osatu du Hodei Caballerok. Europako txapelketara joateko gutxieneko denbora ere lortu du, nahiz eta azkenean ez duen parte hartuko bi urtez behin jokatzen den Europako txapelketan. Hiru plaza zituen Espainiako selekzioak eta sei atletek zuten gutxieneko denbora lortuta; iaz bik lortu zuten gutxieneko denbora. “Aurtengo denboraldiarekin oso kontentu nago egia esan. Baina pena bat Europeo hori hain gertu ikusita. Hala ere inoiz baino maila handiagoa egon da”, dio Caballerok.
Urtea Granadan (Andaluzia, Espainia) pasa ondoren, orain etxean da oporretan, atsedena hartzen.












