«Inoiz ez da gertatu aita eta semea finalean izatea, beraz disfrutatzera»
Pilota txapelketa herrikoiko finala jokatuko du gaur Raul Lacallek (Ordizia, 1969). Txapelketako pilotaririk beteranoena da, eta Mikel semearen aurka jokatuko du.
Raul Lacalle.Loinaz Agirre. Urteetako lanaren emaitza jasoko du gaur Raul Lacallek. Emaneurrek antolatzen duen eskuz binakako pilota txapelketa herrikoian 15 urte edo gehiagoan parte hartu ondoren, gaur, final handia jokatuko du, Igor Olazabalekin bikotea osatuta. Txapelketako pilotaririk beteranoena izan da eta lehenengo aldiz jokatuko du final bat.
Azkenean lortu duzu finalera iristea, Urrezko Ligan gainera.
Bai, pozik nago. Txapelketa ez da pentsatzen genuen bezala joan. Ni erdi lesionatuta ibili naiz, eta sendatu naizenerako nire bikotea [Migel Intsausti] ere lesionatu egin da. Azkenean, ordezkoarekin [Igor Olazabalekin] iritsi gara finalera. Bi pegatina txiki egin ditut Migelen aurpegiarekin eta kamisetan erantsita jokatuko dugu, zortea emateko.
Askotan parte hartu duzu txapelketan, ezta?
Bai, badaramazkit urte mordoxka bat txapelketa honetan jokatzen, hamabost edo gehiago, bikote desberdinekin. Beste batean ere iritsi nintzen finalera, baina hartan ere ez nuen zorte handirik izan, nire bikoteak futboleko finalerdietan belauna hautsi zuen eta ezin izan genuen final hura jokatu. Gure kontra galdu zutenek jokatu zuten finala eta haiek irabazi zuten txapela. Beti ibili naiz aurreneko ligan, batzuetan aurrerago eta beste batzuetan ez hain gertu, baina beti aurreneko ligan.
Aurten bai, finalera iritsi eta semearen aurka jokatuko duzu finala.
Mikel semea eta biok elkarrekin hasi ginen jokatzen orain dela 5-bat urte. Baina 19 urte bete zituenean esan zidan nirekin nahikoa jokatu zuela eta bere adineko batekin jokatu nahi zuela. Libre utzi nuen. Biok jokatu genuen azken urtean ere tanto bategatik ez ginen finalera iritsi. Zorte txarra. Aurten, beraiek beste taldean tokatu dira. Sekulako azken txanpa egin dute. Eta pozik, seme baten kontra jokatzeko aukera ez delako askotan tokatzen.
«[Semeak] eta biok jokatu genuen azken urtean ere tanto bategatik ez ginen finalera iritsi. Zorte txarra. Aurten, beraiek beste taldean tokatu dira»
Enbor bereko ezpala.
Ni beti izan naiz pilotaria. Bai eskuz, bai palaz, nahiz eta beti futbolean bukatu. Jolas lekua izan da niretzat pilotalekua. Txikitatik frontoian ibiltzen ginen. Nahiko ondo moldatzen nintzen pilotan baina Ordizian ez da inoiz egon beste herri batzuetan egon den mobida hori. Emaneurre txapelketa hau antolatzen hastea zortea izan da niretzat, pilota nire kirola delako. Lagun batzuekin hasi nintzen Legorretan entrenatzen pixka bat, eta horrela hasi ginen. Semearekin hasi nintzenean ere oso gustura. Gorputzak laguntzen badu, aurrera. Eskuak ere ondo dauzkat, eta gustura.
Kanturen bat egin dizuete…
Bertsio bat baino gehiago daude. Nire bikote Migelek aurreko astean bidali zidan, chatgpt-arekin egin dutela uste dut. Letrak zentzua du, zaharrenak pilotan jarraitzen dugula dio, eta gainera maila ematen. Gure artean beti deitu izan gara Retegi eta Galartza. Ilusio handia egin dit, gure istorio txiki bat kontatzen duelako. Oso lagunak gara Migel eta biok. Aurretik ez ginen ezagutzen eta pilotan elkarrekin jarduten hasi ginenean ezagutu ginen. Pilotan topatu ginen, elkarrekin jokatu eta orain oso lagunak gara. Pilotak hori ere ematen du.
Zu Retegi edo Galartza zara?
Galartza, atzelaria naiz.
Gauza ziurra da, txapela Lacalletarren etxera joango dela.
Oso zaila da irabaztea. Igorrek irabazita dauka bi aldiz txapela baina bion artean 105 urte pilatzen ditugu: nik 55 eta Igorrek 50. Nire semeak eta bere bikotearen artean, 37 urte dituzte. Alde handia dago. Baina ez da izango borrokarik egingo ez dugulako. Aukerak izaten dira. Erresistentzia pixka bat edukitzen baduzu, askotan sorpresak gertatzen dira. Galduz gero, semeak irabaziko du, beraz, pozik.
Etxekoak noren alde egongo dira?
Ama uste dut semearen alde aterako dela. Baina amona ere etorriko da, aitona ere bai… Anaiak ere gerturatuko dira, alaba ere bai… Egun berezia izango da, festa txiki bat bezala familian. Orain arte Urrezko mailan ez da inoiz horrela gertatu, aita eta semea finalean izatea, beraz disfrutatzera.













