Ordiziako boxeo jaialdian, 9 borrokaldi eta Kerman Lejarragari omenaldia
Ostiralean, 22:30ean hasiko da 74. jaialdia, Ordiziako Beti Alai pilotalekuan. Hiru goierritarrek hartuko dute parte hiru borrokalditan. Sarrerak salgai daude Amonane eta Nerea tabernetan.
74. Boxeo jaialdiaren aurkezpena egin dute arratsaldean Barrenan.Loinaz Agirre. Santa Ana jaien atariko ekitaldi klasiko bat izango da ostiralean, 22:30etik aurrera, Ordiziako Beti Alai pilotalekuan: Ordiziako boxeo jaialdi handia. Datorren urtean 75 urte beteko dituen jaialdia da Ordiziakoa eta aurtengorako Boxing Ciclo elkarteko kideek bederatzi borrokaldiko boxeo jaialdia antolatu dute: zortzi boxeo borrokaldi (bi profesionalak, bat profesional berriena eta bost afizionatu edo amateurrena), eta bederatzigarrena, K1 borrokaldi profesionala.
Euskadiko txapelketa jokatzekoa zuten Barrenetxeak eta Saccek, zalantzan izango da azkeneko ordurarte, Bestalde, profesionaletan debuta egingo du Erlantz Tejada izango da. 22 urte bete berriak ditu Bilboko Abusu auzoko boxeolariak, eta azpimarratu duenez, «ilusio handia daukat ostiraleko debuterako, beti amestu dut egun horrekin».
Superwelter pisuko gaur egungo euskal boxeolarien artean etorkizun handieneko boxeolaria da Tejada, bi aldiz Euskadiko txapeldunak izandakoa amateurretan.

Israel Etxeberria ordiziarra, Aviguey Parra beasaindarra eta Aitor Guda beasaindarra.Loinaz Agirre.
Hiru goierritar
Goierritar boxeolariei ere eman diete aukera. Hiru goierritar igoko dira ostiralean Beti Alai pilotalekuko ring-era: Israel Etxeberria ordiziarra, eta Aitor Guda eta Aviguey Parra beasaindarrak. Etxeberria 60 kilotan lehiatuko da, Mirandako Ibrahim Benaicharen aurka.
Emakumezkoen bi borrokaldietako batean, Ane Barrantesen aurkako borrokaldia du Aviguey Parra beasaindarrak. Orain arte arte martzialetan aritu da eta ostiralean boxeorako urratsa egingo du.
Guda beasaindarra izango da hirugarren goierritarra. Denis Zelaiaren aurka lehiatuko da, 63-65 kilokoen artekoa borrokaldian. Gudak esperientzia handia du espezialitate desberdinetako borrokaldietan Aitor Madrazok aurkezpenean esan duenez: «besteak beste, 30 borrokaldi sanda formatuan, 12 kick boxing amateurrean, 1 boxeo amateurrean, hiru K1 profesionaletan, 1 boxeoan baina guantillarekin».
Profesionalak eta errebantxa
Azkeneko borrokaldia boxeolari profesionalena izango da. Gasteizen bizi den Fran Mendoza kolonbiarra eta lehen aldiz Mexikotik kanpo borrokatuko duen Mauricio Vega ariko da borrokan.
Bestalde, emakumezkoen bigarren borrokaldia, «errebantxa moduko bat» izango da, Euskadiko txapelketako finala errepikatuko baitute Haizea Atiegak eta Esmeralda Ferreiro Euskadiko txapeldunak.
Boxeolarien pisaketak
Aurtengo boxeo jaialdian bada berrikuntza bat Boxing elkarteko kideek aurreratu dutenez: aspaldiko partez, boxeo jaialdian parte hartuko duten boxeolarien pisaketa Ordizian bertan egingo da, Martinez jatetxean, bihar, 18:00etarik aurrera.
Omenaldia
Azkenik, Kerman Lejarraga bizkaitarra omenduko dute ostiralean. «Morgako errebolberra deitzen zioten. 2013an profesionaletara jauzi egin zuen Bilboko Casillan. Errekor bat ere izan zuen: 2019ra bitartean, 34 galdu gabeko konbate. Guztira 37 borrokaldi ditu, 34 garaipen, horietatik 26 KO bitartez». Espainia (2017), Europako (2018) eta munduko txapelduna (2021) izan zen. 2023an boxeoari agur esan zion 31 urterekin.
Ordiziako boxing eskolako ikasleen erakustaldia ere izango da, aurrez; 19:00etan pilotalekuan.
Sarrerak salgai daude Amonane eta Nerea tabernetan.
Bederatzi borrokaldi
1. Jefferson Saritama/Asier Ortiz.
2. Ane Barrantes/Aviguey Parra.
3. Israel Etxeberria/Ibrahin Benaicha.
4. Haizea Atiega/Esmeralda Ferreiro.
5. Aitor Guda/Denis Zelaia.
6. Euskadiko txapelketa: Fermin Barrenetxea/SACC (zalantzan)
7. K1 profesionala: Omar Lebihi/Mouafaq Boudali.
8. Profesional berriak: Erlantz Tejada/Johnson Rosso.
9. Profesionalak: Fran Mendoza/Mauricio Vera.












