Ordiziako Klasikoan 19 taldek hartuko dute parte
Uztailaren 25ean 10:00etan abiatuko dira txirrindulariak Ordiziako Gudarien Etorbidetik. World Tour mailako lau taldek hartuko dute parte, UAEk, Cofidisek, Movistarrek eta Astanak. Ibilbide berria dute aurten.

Rural Kutxari ere eskerrak eman dizkio, “ia-ia azkeneko momentuan ere posible egiteagatik proba honen jarraipena”.
«Mendeurrena ospatu genuen, iritsi ginen, baina oraintxe bertan urtez urte proba hau mantentzea geroz eta zailagoa bilakatzen da»
Adur Ezenarro. Ordiziako alkatea
Azkenik, horrelako proba bat antolatzeak eta jarraipena izateak dituen zailtasunen aurrean, “deialdi bat” egin nahi izan die Ezenarrok Gipuzkoako eta Euskal Herriko erakundeei eta enpresei: “Bere txikitasunean oso handiak diren proba hauek laguntza ematen jarraitzeko. Pena bat litzatekeelako horrelako probak desagertzea, eta modan jartzen ari den bezala, hiri handietako proba mediatikoak bakarrik sustatzea, eta ez gurea bezalako herri txikietan egiten diren probak mantentzea”.
Txapel Gorriko Josean Etxezortuk ere eskerrak eman dizkie erakundeei, enpresei eta babesleei, aurten ere aurrera ateratzea lortu dutelako. “Batez ere, aurten, esker berezia Rural Kutxari. Iragarri genuenean ezin genuela proba antolatu, bere babesa emateagatik”.
Klasikoaren alde teknikoari begira, ibilbide aldaketa egingo dute: bost itzuliak berdinak izango dira, Abaltzisketako igoera tradizionalarekin, baina Larraiztik jaitsieraren erdian, Zaldibiarako bidean eskuinera egin eta, Gaintzara igoko dira txirrindulariak itzuli guztietan. Ez dute Altzo igoko.
«Batez ere, aurten, esker berezia Rural Kutxari. Iragarri genuenean ezin genuela proba antolatu, bere babesa emateagatik»
Josean Etxezortu. Txapel-Gorri elkarteko kidea
Dena den, aurreko urteetako kilometro beretsuak izango ditu lasterketak, 167. Lehenengo txirrindulariak 13:40ak aldera helmugan izatea aurreikusten dute.
Txirrindulari faboritoak
Taldeei dagokionean, azkenean 19 izango dira irteera puntuan: 4 World Tour mailakoak, 8 ProTeam eta 7 Kontinental mailakoak.
Izen aipagarrien artean ondorengoak daude: UAEtik iazko irabazlea, Jan Christein eta Italiako Giro bikaina egin duen Isaac Del Toro; Cofidisetik Jesus Herrada eta Simon Carr (2020eko irabazlea); Movistarretik Jon Barrenetetxea eta Davide Formolo; eta Astanatik Diego Ulissi. “Txirrindulari hauekin lasterketa polita izatea aurreikusten da”.
ETB1en eta EITB.eus-en zuzenean ikusteko aukera izango da.
“Egun handia da”
Gipuzkoako Foru Aldundiko kirol zuzendaria den Roberto Ramajok azpimarratu duenez, “gaur daukadan sentipena da, gaur egun handia dela herrialdeko txirrindularitzarentzat. Batez ere, kontuan hartuta, martxoan ez geneukala Klasikorik. Egia esanda, albiste hura iritsi zenean, nire buruari galdetzen nion ea denon artean ezin genezakeen pixka bat gehiago egin aurrera ateratzeko, Ordiziako Klasikoak duen garrantzia ikusita”. Beraz, “lehenengo eskerrak Rural Kutxari, pauso bat aurrera egiteagatik, Klasikoaren jarraipena bermatzeko”.
«Gaur daukadan sentipena da, gaur egun handia dela herrialdeko txirrindularitzarentzat. Batez ere, kontuan hartuta, martxoan ez geneukala Klasikorik»
Roberto Ramajo. Diputazioko Kirol zuzendaria
Kirol ikuspegitik maila “altua da, maila handiko txirrindulariak datoz”. Horregatik, “gaur egun handia da Gipuzkoarentzat, Txapel Gorrirentzat eta Ordiziarentzat”.
Rural Kutxa
Eskualdeko Rural Kutxaren arduradunak Iñigo Igartzak ere hartu du hitza aurkezpenean. “Halako zurrumurru bat entzun genuen bere garaian, Ordiziako Klasikoa bertan behera utziko zela. Izugarria izan zen. Izan ere, zurrumurrua entzun, elkarrekin hitz egiten hasi eta hurrengo goizean bageneukan planteamendu bat. Txapel Gorrikoekin hitz egin nahi genuen eta guretzat sorpresa bikaina izan da, oso aberasgarria, horrelako lan talde bat aurkitzea. Beraiei eskerrak eman nahi dizkiegu”.
«Gure ideia da hurrengo urteetan ere hemen bertan izatea, bai proba honetan, eta noski, herria aberasten»
Iñigo Igartza. Rural Kutxa
Horrelako “gauzak” asko gustatzen zaizkiela nabarmendu du Igartzak: “Lan taldeak ezagutu, nola lan egiten duten, eta herria nola aberasten duten. Arreta deitu zigun berriak eta segituan martxan jarri ginen. Kolaborazioa oso erraza izan da, oso polita, eta eskerrak eman nahi dizkiegu”.
Gainera, azpimarratu du, “ez gaudela egun baterako bakarrik. Baizik eta gure ideia da, hurrengo urteetan ere hemen bertan izatea, bai proba honetan, eta noski, herria aberasten”.
Taldeak
- UAE Team Emirates (Arabiar Emirerri Batuak)
- Cofidis (Frantzia)
- Movistar Team (Euskal Herria)
- XDA Astana Tem (Kazakistan)
- Burgos-Burpellet-BH (Espainia)
- Caja Rural-Seguros RGA (Euskal Herria)
- Euskaltel Euskadi (Euskal Herria)
- Kern Pharma (Euskal Herria)
- Team Polti Visitmalta (Italia)
- Q36,5 Pro Cycling Team (Suitza)
- Totalenergies (Frantzia)
- Unibet Tietema Rockets (Frantzia)
- Feirense-Beeceler (Portugal)
- Illes Balears Arabay (Herrialde Katalanak)
- Petrolike (Mexiko)
- Pingtan International Tourism Island Cycling Team (Txina)
- Terenggany Cycling Team (Malaysia)
- Universe Cycling Team (Holanda)
- Victoria Sports Pro Cycling (Filipinak)