Gazta Dastaketa Klandestinoen saioetako bat, Idiazabalen
Idiazabalgoa irailaren 13an izango da. Parte hartzaileek dastaketa non izango den asmatu beharko dute. Aurrez izena eman behar da.
European Cheese Route elkarteak Gazta Dastaketa Klandestinoak izeneko ekimena jarri du martxan, eta Idiazabalen egingo du saioetako bat, irailaren 13an. Jolas moduko bat da, eta parte hartzaileek dastaketa non egingo den asmatu beharko dute.
«Gazta bat, leku enblematiko bat, aurkitu beharko duzun kokapen bat». Hori da elkarteak zabaldu duen erronka. Lehen aldiz antolatu du ekimena, eta parte hartzeko izena eman behar da aurrez, gestion@rutaeuropeadelqueso.eu helbide elektronikoan. Ondoren, parte hartzeko gonbidapena eta hurrengo lokalizaziorako arrastoak jasoko ditu izena eman duenak. Nahi den dastaketa guztietan parte hartzeko aukera dago, dastaketa eta parte hartzaile bakoitzeko 18 euro ordainduta.
Jarduera sorpresa
Dastaketa non izango den asmatzeko arrastoak jaso ondoren, irailaren 13an Idiazabalen esandako orduan eta lekuan egon beharko dute parte hartzaileek. Esperientzia osatzeko, gaztaz eta haren maridajeaz gozatzeaz gain, jarduera sorpresaren bat egongo dela agindu dute antolatzaileek. European Cheese Routek elkartea osatzen duten udalerriak ezagutzera eman nahi ditu egitasmoaren bidez, bi zaletasun uztartuta: bidaiatzea eta gazta dastatzea.












