Madalenen azken eguna izango da gaur, Alegin
Zaindariaren eguna ospatuz bukatuko dituzte festak.
Alegiko Madalena festetako sagardo dastaketa, joan den ostiralean. Ainhoa Aldasoro Ostiralean hasi ziren Alegiko Madalena jaiak, Itsaso, Gabiria eta Ormaiztegiko herritarren artean antolatzen direnak. Aurtengoan ere, goitik ospatu dituzte aurreneko bi egunak. Ostiraleko sagardo dastaketarekin hasi zuten jardunaldia. Zortzi sagardotegi profesionaleko sagardoa dastatzeaz gain, herriko lau baserri desberdinetan ondutakoak ere izan zituzten. Herri afaria izan zuten gero. 274 lagun bildu ziren bertan, eta Joselu Anaien doinuek girotu zuten gaueko festa.
Larunbatean, mus txapelketa arrakastatsua jokatu zen. 28 bikote lehiatu ziren eta Loidi-Urbietak (Amezketa-Larraul) irabazi zuten. Parrilladarekin afaldu zuten gero.
Gaurkoa, egun handia
Madalena eguna da gaur. Azken eguna. Meza izango dute eguerdian, Izazpe abesbatzak lagunduta eta hamaiketakoa egingo dute ondoren. Haurrek ere izango dute nola ospatu, arratsaldean zabalduko den haur parkearekin, eta iluntzean, ardo dastaketa izango da. Festei amaiera borobila emateko, Modestoren dantzaldia izango da, hiru eguneko ospakizuna goitik bukatzeko.












