Maite Martinez de Albeniz ordiziarra, Donostialdeko ESIko zuzendari-kudeatzaile
Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak agintaldiko lehen urtearen balantzea egin du, eta aldaketa eta hobekuntza prozesu bat iragarri du, profil berriekin, bai sailean, bai Osakidetzan, "etorkizuneko osasun-sistema publikoaren eraldaketari ekiteko".
Maite Martinez de Albeniz, urdinez.Irekia Maite Martinez de Albeniz ordiziarra Donostialdeko ESI Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari-kudeatzaile berria izango da. Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak agintaldiko lehen urtearen balantzea egin du, eta aldaketa eta hobekuntza prozesu bat iragarri du, profil berriekin, bai Osasun Sailean, bai Osakidetzan, azaldu duenez, “etorkizuneko osasun-sistema publikoaren eraldaketari ekiteko”.
Hala, Osakidetzak Maite Martinez de Albeniz Zabaleta doktorea izendatuko du Donostialdeko ESIko zuzendari-kudeatzaile berri gisa. Sailburuaren esanetan, “Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkearen ardatzean osasun-polo berria sortzearen eta etorkizunean Tolosako ospitale publiko berriarekin lurralde osorako hedatzearen atarian, Martinez de Albenizen izendapenak eraldatzeko potentzial handiena duen ESIetako batean lidergoa eta etorkizunerako ikuspegia indartzeko helburuari erantzuten dio”.
Martinez de Albeniz doktorea neurologoa da, gaixotasun zerebrobaskularretan aditua, eta Kudeaketa Sanitarioko masterra du. Azken urtean, Osakidetzako Osasun Arretarako zuzendari gisa jardun du. Aurretik, Neurologiako Ospitalizazioko burua eta Iktusaren Unitateko koordinatzailea izan zen Donostia Unibertsitate Ospitalean; zuzendariorde medikoa zentro berean, eta Neurologiako irakasle EHUn.












