Mugikortasuna eta bide-segurtasuna hobetzeko lanak iragarri ditu udalak
Guztira 468.000 eurotik gorako inbertsioa egingo du, eta abuztuan hasita, 16 astetan gauzatuko ditu. Zaldizurretako biribilgunean 'Kaixo & Agur' gunea sortuko du, eta hainbat zebra-bide eta aparkaleku berri egokituko ditu. Urteroko asfaltatze-kanpaina ere jarriko du martxan, errepideen egoera hobetzeko.
Zaldizurretako errotonda.Ariane Vierbücher Beasaingo Udalak iragarri du abuztuan hasiko dituela herriko hainbat puntutan egingo diren lanak, mugikortasuna, trafikoaren kudeaketa eta bide-segurtasuna hobetzea helburu nagusitzat hartuta. Esku-hartzeen iraupena 16 astekoa izango da, eta 468.827,80 euroko aurrekontua izango dute (BEZik gabe). Lan guztiak Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Planaren baitan kokatzen dira.
Garraio publikoa, oinezkoak eta bizikletak kontuan
Lan multzo honen baitan, hainbat esku-hartze egingo dira oinezkoen, bizikleten eta garraio publikoaren baldintzak hobetzeko. Bereziki nabarmendu daitezke Zaldizurretako biribilgunean egokituko den Kaixo eta Agur geralekua, gaur egun autoz bidaiariak jaso edo uzteko erabiltzen den puntua, modu seguru eta ordenatuan erabiltzeko prestatuko dena.

Zaldizurretako biribilguneko planoan, ‘Kaixo eta agur’ gunea.
Era berean, Joan Iturralde kaleko autobus geltokia biribilgunera lekualdatuko da, espaloia irisgarriago bihurtuz eta markesinan eserlekuak jarriz. Bestalde, Bernedoeneako aparkalekuan, Adif aldera, 17 aparkaleku berri sortuko dira.
Pasabide berriak eta asfaltatze lanak
Herriko beste puntu batzuetan ere egingo dira hobekuntzak, hala nola, Igartza-Oleta kaleko pasabide berria, Loinatz futbol zelaiko parkingaren parean; Iturriotz kaleko 27. zenbakiko zebra bide berria; eta asfaltatze-kanpaina zabala egingo da Gernika pasealekuko aparkalekuan, Bista Alai kalean, Andre Mari eta Martina Maiz kaleen arteko bidegurutzean, Igartetxe kalean, Erauskin kalean, Ikasle Zeharkalean, Bernedoenea parking-ean (N-1erako irteeran), Garin auzoan eta Nafarroa etorbideko bidegorrian.
Zoladura berritzeaz gain, birak eta espaloien ertzak ere egokituko dira, ibilgailuen eta oinezkoen zirkulazioa seguruagoa eta erosoagoa izan dadin.
Herritarren bizimodua hobetzeko urratsak
Udalaren hitzetan, lan hauek guztiak “azpiegituren etengabeko hobekuntzaren eta jasangarritasunaren aldeko konpromisoaren parte dira”. Helburua da beasaindarren eguneroko joan-etorriak arintzea, herria “irisgarriago, seguruago eta erosoago” bihurtuz. Udalak eskertu egin du herritarren ulermena eta lankidetza obrek irauten duten bitartean, eta azpimarratu du “egindako inbertsioak etorkizunean onura zuzena ekarriko diola herriari”.













