«Lan horiek ez dira niretzat lanak izan, gozamena baizik»
Ordiziarrek hala erabakita, Erramun Amundarainek (Itsasondo, 1951) botako du txupinazoa bihar 12:00etan, udaletxeko balkoitik.
Aurtengo festak modu berezian hasiko dituzu, udaletxeko balkoitik.
Txupinazoa bota beharko dut bai, formal joan beharko gara.
Ordiziarrek proposatu eta ordiziarrek aukeratu zaituzte aurtengo txupinazoa botatzeko Larrunarriko kantu taldearekin batera.
Aurten lehenengo aldiz ireki zuten aukera hori botazio bat eginez, txupinazoa botatzeko. Lau geratu ginen azkenean eta lau horietatik ni hautatu naute. Pozik. Horrelako errekonozimendu bat ez dakit zergatik izango den, orain arte egindako lanagatik edo ez dakit zergatik. Esan nahiko nuke, lanagatik izan bada, ez dela nire lana bakarrik izan. Beti eduki dut jende bat, ekipoa osatuz eta horri ere errekonozimendu bat egin beharko litzaioke. Hitz egiteko baimena ematen badidate, ahaleginduko naiz errekonozimendu hori egiten.
Talde lanaren emaitza, beraz.
Hori da. Olentzero izan banaiz, horrek esan nahi du Olentzero prestatzen jende pilo bat ibili dela. Edo Zozomikote historia kontatzen ere berdin. Bazkariak emateko ere jende pilo bat dago tartean, nahiz eta agian ni agertu buru bezala. Jende pilo bat dago ezkutuan lanean, eta horiek ere behar dute errekonozimendu berezi bat nire ustetan. Hala ere, lan horiek ez dira niretzat lanak izan. Alderantziz, gozamena izan da zerbitzu hori herriari eta herritarrei ematea. Nik ez dut lana bezala hartzen, baizik eta gozamen bat bezala.
«Saltsa guztietan sartuta egon naiz, baina beti saltsa politetan. Beti lana egin dugu giro atseginean»
Ordiziako saltseroetako bat zara.
Saltsa guztietan sartuta egon naiz, baina beti saltsa politetan. Beti lana egin dugu giro atseginean.
Errondailan ere bai.
Bai, jarraitzen dugu, ia 32 urtean. Errondailan jarraitzeko Musika Eskolan ere bai…
Aurten kantuan lanik baduzue festetan?
Aurten ez. Abeslariari ebakuntza egin diote eta aurten kale egingo dugu. Baina egingo dugu zerbait berezia irailean edo osatzen denean. Jendeari behintzat zor diogu.
Festetarako ze plan? Ze ekitaldi duzu gogokoena?
Era guztietako musika gustatzen zait, bai egunez eta bai gauez, nahiz eta gauean goiz samar erretiratzen garen. Ordiziako Klasikoa karrera ere bai… Ahaleginduko gara egunero zerbait berezia egiten.













