Ordiziako argazki rallya, Gorka Gomezentzat
Ekainaren 15ean jokatu zen eta pasa den ostiralean banatu zituzten sariak. Yokin Suarez izan da bigarrena eta Josu Altzelai hirugarrena. Herritarren saria Miguel Caveroren argazki sortak jaso du.
Altzelai, Gomez, Suarez eta Cavero, Ordiziako udaletxean saria jasotzen.Ander Villar. Plaza Nagusiaren estalkiaren mendeurreneko ekitaldien barruan, argazki rallya antolatu zuten ekainaren 15ean Ordizian, lehenengo aldiz. Hilabeteko tartean lau epaimahaikideek 54 argazkilariren bosna argazkiko sortak aztertu eta epaitu ondoren, uztailaren 18an egin zen sari banaketa udaletxean.
Sari nagusia Gorka Gomez legazpiarrak jaso du. Bigarrena izan da Yokin Suarez eta hirugarrena Josu Altzelai. Herritarraren saria Miguel Caverorentzat izan da.
Bost gai, bost argazki
Argazkilariek bost gai zituzten argazkiak ateratzeko Gomezek gogoratu duenez: Plaza Nagusiaz gain, berdea, mugimenduan, ura eta itzala. «Argazki bakoitzak 1etik 10era puntuazioa jasotzen dute eta bosten baturatik ateratzen da irabazlea».
Gomezentzat bost argazkietan gogokoena, plazakoa da. Santa Ana 2025 aldizkariaren azalean erabili dute Gomezen argazkia. «Plaza polita da, zutabe horiekin… jokoa ematen du. Baina betiko gakoa hor dago, nola egin zerbait desberdina. 54 pertsonek parte hartu dugu eta arreta deitzen duen argazkia nola atera pentsatu behar da. Ez dadila izan besteen berdina».

Ordiziako Plaza Nagusia gai hartuta legazpiarrak aurkeztu duen argazkia.Gorka Gomez.













