Santa Ana jaiak badatoz
Bihar, 12:00etan hasiko dira Santa Ana jaiak Ordizian, txupinazoarekin. Larrunarri kantu taldeak eta Erramun Amundarainek botako dute.
Errugbi eta igeriketa elkarteetako eta Urdaneta ikastetxeko ordezkariek bota dute txupinazoa.Loinaz Agirre Bihar, 12:00etan puntuan, lehertuko da festa Ordizian, Plaza Nagusia jendez beteta dela, udaletxeko balkoitik, aurten 25 urte bete dituen Larrun Arri elkarteko Larrunarri kantu taldeko kideek eta ordiziarrek aukeratutako Erramun Amundarainek txupinazoa botatzen dutenean. Handik aurrera, eta igandera arte, festak ez du etenik izango Ordizian.
Aurten bada berrikuntza bat txupinazoaren inguruan eta herritarrek txupinlaria proposatu eta aukeratzeko modua izan dute. Manex Berzosa kultur zinegotziak adierazi zuenez, «herriari egindako ekarpenak kontuan hartuko dira, baita norbere arloan izandako merituak, bizikidetza sustatzeko egindako ahalegina eta euskal kulturaren alde egindako lana». Horrela, ordiziarrek txupinazoa botatzeko hautagaiak proposatu ondoren, lau iritsi ziren finalera: Erramun Amundarain, Asier Aseginolaza, Maddi Garate eta Emotio abesbatza. Boto gehien jaso duena Amundarain izan denez, bihar, Larrunarrikoekin batera udaletxeko balkoian izango da.
Larrunarriko kideek adierazi dutenez, «ohore bat» da Santa Ana jaietako txupinazo nagusia botatzeko aukera izatea.
Txupinazoaren eta Ordiziarrak gera gu abestia behin eta berriz abestu ondoren, buruhandiak eta erraldoiekin kalez kale ibiliko dira ordiziarrak, Ordiziako txistulariek, trikitilariek eta Burrunbazale txarangak girotuta. Gauean, berriz, helduen danborrada izango da, Buztuntza auzotik hasi eta Plaza Nagusiraino. Mugikortasun murriztua duten pertsonentzako eremu bat egokituko da Plaza Nagusian.
Ostiraleko ekitaldi nagusia, 102. Ordiziako Klasikoa txirrindulari proba izango da.
Goizaldeko danborrada
Uztailaren 25etik 26ra gauean, ohiko goizaldeko danborrada edo matutina egingo da. Udalak jakinarazi duenez, «Matutina mozorro gauean zehar hain zuzen ere, anbulantzia zerbitzua eskainiko da (Foruen pasealekuan frontoiaren kanpoaldean) gau horretan zehar izan ohi diren istripu arinei erantzuteko (erorketak, mozketak…)».
Hainbat gomendio ere eman ditu udalak: batetik, «zaindu bozgoragailuen bolumena eta zuzeneko emanaldiak errespetatu»; bestetik, «goizaldeko danborrada hasterako eremua garbi utzi, karpak eta bestelakoak jaso horretarako egokitutako espazioetan eta bozgoragailuak itzali». Azkenik, langileak errespetatzeko deia ere egin dute.
Larunbatean, Santa Ana jaietako bigarren soka dantza egingo da, udal agintariena, 12:15ean Plaza Nagusian, eta igandean, Santanazaleen egunean, hirugarrena, 1509. urtetik egiten den ezkonberriena, 12:00etan.
Santa Ana jaietako azken eguna, uztailaren 27a, igandea, kuadrillen eguna izango da eta musika izango da Ordiziako txoko desberdinetan kuadrillen eguna girotzeko. Garagartza plazan Nonbait taldearen erromeria, Bazterretxa plazan Xaibor disko jartzailea eta Plaza Nagusian, En Esenzia orkestra.
Barrakak merkeago gaur
Bizkaia pasealekuan jarrita dauden barrakak merkeago izango dira gaur. Bestalde, aurten ordubete luzatuko da barraka gunean zaratarik gabeko garaia, 15:00etatik 18:00etara. «Tarte horretan, barrakek musikarik eta bestelako soinu ozen eta sarkorrik gabe funtzionatuko dute. Modu horretan, haur guztiei espazio horretaz gozatzeko aukera zabalduz».
Barraka gunean, euskararen presentzia ziurtatzeko eta indartzeko, euskara sailetik euskal musikaz osatutako USBa banatu diete barrakazaleei.
Elkarrekin, errespetuz
Azken urteetan egin den moduan Santa Ana jaietan aurten ere martxan egongo da Gizarte-eragile eta Koordinadora Feministarekin elkarlanean sortutako erantzun protokoloa.
Gainera, udalak argi adierazi nahi du jaiak «elkarrekin ospatzeko egunak» direla: «Jaietan mota guztietako indarkeriak ez dute lekurik, eta ez dugu inolako eraso sexista edo arrazistarik onartuko. Erasoen aurrean ez gara isilduko, eta ez dugu beste aldera begiratuko. Festak guztionak dira eta guztiok festetaz gozatzeko eskubidea dugu. Ingurukoak errespeta ditzagun, ingurua garbi manten dezagun eta lagunartean gozatuz, alboan dauzkagunak zaindu eta behar duenari babesa eskaini diezaiogun».
Gaur, uztailak 23
- 19:30. Bertso Klown ikuskizuna, Nikolas Lekuona plazan.
Bihar, uztailak 24
- 11:30. San Jose egoitzako txupinazoa, Burrunbazale txarangak alaituta.
- 12:00. Txupinazoa, Larrunarri kantu taldearen eta Erramun Amundarainen eskutik.
- 12:15. Buruhandiak eta erraldoiak, Ordiziako Txistulariek, trikitilariek eta Burrunbazale txarangak alaituta.
- 17:30. Kuadrillen arteko XIX. Bigantxa futbol txapelketa, San Bartolomeko zezen plazan.
- 18:30. Mikra zirku ikuskizuna Garagartza plazan.
- 19:30. Burrunbazale txarangarekin kalejira.
- 21:30. Helduen danborradaren irteera, Buztuntzatik. Amaiera, Plaza Nagusian.
- 00:00. Rockalean musika kalejira.
Uztailak 25, ostirala
08:45. 102. Ordiziako Klasikoa Nazioarteko txirrindulari probako parte hartzaileen aurkezpena, Jose Migel Barandiaran plazan.
- 10:00. Ordiziako Klasikoaren hasiera Gudarien etorbidean.
- 12:30. Kalejira, buruhandi eta erraldoien alardea, Plaza Nagusitik abiatuta.
- 14:00. Ordiziako Klasikoaren amaiera eta sari banaketa, Gudarien etorbidean.
- 16:30. Txikienen paleta larruz erakustaldia eta Ordizia Hiria txapelketaren finalak, paleta larruz eta pala motzez. Beti Alai pilotalekuan.
- 18:00. Errekortarien txapelketa eta 16 urtetik gorakoentzat bigantxa, San Bartolomeko zezen plazan.
- 18:30. Kalejira, buruhandi eta erraldoien alardea, Plaza Nagusitik abiatuta.
- 19:00-22:00. Zuhaiztian, indarkeria sexistarik gabeko gunearen karpa informatiboa.
- 21:00. Beti Argi bandarekin kalejira, Plaza Nagusitik abiatuta.
- 23:30-02:30. Zuhaiztian, Testing karpa.
- 23:30. Disko festa Xaibor Dj-arekin, Bazterretxe plazan.
Uztailak 26, S. Ana eguna
- 06:00. Goizaldeko danborrada.
- 09:30. Bigantxak, San Bartolomeko zezen plazan.
- 10:30. Kalejira Irun Hiria musika bandarekin, udaletxetik abiatuta.
- 11:00. Meza nagusia eta prozesioa Irun Hiria musika bandarekin.
- 12:15. Agintarien soka dantza, Plaza Nagusian.
- 13:00. Irun Hiria musika bandaren kontzertua Plaza Nagusian.
- 18:00. Profesionalen arteko eskuzko pilota partidak Beti Alai pilotalekuan: Egiguren V.-Erostarbe / Murua-Gaskue eta Altuna-Martija / Elordi-Zabaleta.
- 19:00. Gautxori txarangarekin kalejira, Plaza Nagusitik abiatuta.
- 21:00. Beti Argi bandarekin kalejira, Plaza Nagusitik abiatuta.
- 22:30. Puro Relajo taldearen kontzertua, Plaza Nagusian.
Uztailak 27, Santanazaleen eta kuadrillen eguna
- 10:00. Goizeresia Ordiziako txistulariekin, udaletxetik abiatuta.
- 11:00. Santanazaleen meza.
- 12:00. Santanazaleen ohiko esku dantza, Plaza Nagusian.
- 13:00. Txupinazoa eta kuadrillen irteera.
- 18:00. Euskal Herriko errekortarien erakustaldia eta 16 urtetik gorakoentzako bigantxak, San Bartolomeko zezen plazan.
- 19:00-22:00. Zuhaiztian, indarkeria sexistarik gabeko gunearen informazio karpa.
- 21:00. Beti Argi bandarekin kalejira, Plaza Nagusian.
- 22:00. Nonbait erromeria, Garagartza plazan.
- 23:00. Disko festa Xaibor dj-a, Bazterretxe plazan.
- 00:00. En Esenzia orkestrarekin dantzaldia, Plaza Nagusian.













