102. Ordiziako Klasikoa, hemeretzi talderekin eta ibilbide berriarekin
Bihar 10:00etan abiatuko dira Gudarien Etorbidetik. Ibilbide berriarekin, Altzo ez dute igoko. Gaintzatik pasako dira. Faboritoak Del Toro, Christen, Herrada, Formolo eta Barrenetxea dira.
UAEko taldeko mekanikoak txirrinduak prestatzen, atzo Beasainen.Loinaz Agirre. Urte zaila eta zalantzaz betetakoa izan bada ere, azkenean iritsi da eguna, uztailaren 25a, 102. Ordiziako Klasikoa nazioarteko txirrindulari probaren eguna. Txapel Gorriko antolatzaileek lanak eginak dituzte dagoeneko, eta txirrindulari taldeak ere Goierrin dira. Inguruko hoteletan ostatu hartu eta Goierriko errepideetan ikus daitezke egunotan txirrindulariak, goierritarren arreta erakarriz. Bihar, 10:00etan abiatuko da 133 kideko tropela Gudarien Etorbidetik, aurretik, 08:45etik aurrera, txirrindulari taldeen aurkezpena egin ondoren.
Ordiziako Santa Ana jaietako «urteroko ekitaldi nagusietako bat» da Klasikoa Adur Ezenarro alkatearen esanetan, eta horregatik eskerrak eman dizkie Txapel Gorri elkartekoei: «Izugarrizko lana da horrelako proba bat aurrera ateratzea. Mendeurrena ospatu genuen, iritsi ginen, baina oraintxe bertan urtez urte proba hau mantentzea geroz eta zailagoa bilakatzen da».
Eta eskerrak eman izan dizkio baita ere Rural Kutxari, «ia-ia azkeneko momentuan ere posible egiteagatik proba honen jarraipena». Era berean, horrelako proba bat antolatzeak eta jarraipena izateak dituen zailtasunen aurrean, «deialdi bat» egin nahi izan die Ezenarrok Gipuzkoako eta Euskal Herriko erakundeei eta enpresei: «Bere txikitasunean oso handiak diren proba hauei laguntza ematen jarraitzeko. Pena bat litzatekeelako horrelako probak desagertzea, eta modan jartzen ari den bezala, hiri handietako proba mediatikoak bakarrik sustatzea, eta ez gurea bezalako herri txikietan egiten diren probak mantentzea».
Ibilbide aldaketa
Txapel Gorriko Josean Etxezortuk ere eskerrak eman dizkie erakundeei, enpresei eta babesleei, aurten ere aurrera ateratzea lortu dutelako. «Batez ere, aurten, esker berezia Rural Kutxari. Iragarri genuenean ezin genuela proba antolatu, bere babesa emateagatik».
Klasikoaren alde teknikoari begira, ibilbide aldaketa egingo dute: bost itzuliak berdinak izango dira, Abaltzisketako igoera tradizionalarekin, baina Larraizko jaitsieraren erdian, Zaldibiarako bidean eskuinera egin eta Gaintzara hartuko dute txirrindulariek. Beraz, aurten ez dute Altzo igoko.
Dena den, aurreko urteetako kilometro beretsuak izango ditu lasterketak, 167. Lehenengo txirrindulariak 13:40 aldera helmugan izatea aurreikusten dute.
Txirrindulari faboritoak
Taldeei dagokienean, azkenean hemeretzi talde izango dira irteera puntuan: lau World Tour mailakoak, zortzi ProTeam eta zazpi Kontinental mailakoak. Izen aipagarrien artean ondorengoak daude: UAEtik iazko irabazlea, Jan Christen eta Italiako Giro bikaina egin duen Isaac Del Toro; Cofidisetik Jesus Herrada eta Simon Carr (2020eko irabazlea); Movistarretik Jon Barrenetxea eta Davide Formolo; eta Astanatik Diego Ulissi. «Txirrindulari hauekin lasterketa polita izatea aurreikusten da».
Abaltzisketako bost igoeratako batean Simon Yatesek jarritako errekorra (5.37) hobetzen duen txirrindulariarentzat 1.500 euroko saria egongo da.
ETB1en eta EITB.eus-en zuzenean ikusteko aukera izango da.
Rural Kutxa
Eskualdeko Rural Kutxaren Iñigo Igartza arduradunaren esanetan, segituan jarri ziren lanean: «Zurrumurrua entzun genuen bere garaian, Ordiziako Klasikoa bertan behera utziko zela. Izugarria izan zen. Izan ere, zurrumurrua entzun, elkarrekin hitz egiten hasi eta hurrengo goizean bageneukan planteamendu bat. Txapel Gorrikoekin hitz egin nahi genuen eta guretzat sorpresa bikaina izan da, oso aberasgarria, horrelako lantalde bat aurkitzea. Beraiei eskerrak eman nahi dizkiegu».
Horrelako «gauzak» asko gustatzen zaizkiela nabarmendu du Igartzak: «Lantaldeak ezagutu, nola lan egiten duten, eta herria nola aberasten duten. Arreta deitu zigun berriak eta segituan martxan jarri ginen. Kolaborazioa oso erraza izan da, oso polita, eta eskerrak eman nahi dizkiegu».
Gainera, azpimarratu du, ez daudela «egun baterako bakarrik». «Baizik eta gure ideia da, hurrengo urteetan ere hemen bertan izatea, bai proba honetan, eta noski, herria aberasten».
Errifak salgai
Horrelako lasterketa bat antolatzeak dituen gastuei aurre egiten laguntzeko, errifak atera dituzte Txapel Gorrikoek, Autowagen laguntzarekin, 5 euroko diru ekarpenaren trukean. T Cross autoa irabaziko du hilaren 29ko ONCE zozketako zenbakiaren azkeneko lau zenbakiekin bat datorren errifak.
Pasaera orduak eta taldeak
- Hasiera, Ordizia: 10:00.
- Abaltzisketa (3. maila): 10:28.
- Tarteko helmuga, Ordizia: 10:44.
- Abaltzisketa: 11:12.
- Ordizia: 11:29.
- Abaltzisketa: 11:57.
- Ordizia: 12:13.
- Abaltzisketa: 12:42.
- Ordizia: 12:58.
- Abaltzisketa: 13:26.
- Ordizia: 13:42.
UCI World Tour maila
- UAE Team Emirates (Ara. Emi.)
- Cofidis (Fran.)
- Movistar Team (EH)
- XDA Astana Tem (Kazaki.)
UCI ProTeam maila
- Burgos-Burpellet-BH (Esp.)
- Caja Rural-Seguros RGA (EH)
- Euskaltel Euskadi (EH)
- Kern Pharma (EH)
- Team Polti Visitmalta (It.)
- Q36,5 Pro Cycling Team (Sui.)
- Totalenergies (Fran.)
- Unibet Tietema Rockets (Fran.)
UCI Continental Team maila
- Feirense-Beeceler (Port.)
- Illes Balears Arabay (H. Kat.)
- Petrolike (Mex)
- Pingtan International Tourism Island Cycling Team (Txin.)
- Terenggany (Malay.)
- Universe Cycling Team (Herb.)
- Victoria Sports (Filip.)













