Lehertu da festa Ordizian, igandera arte
San Jose egoitzan bota dute lehenengo txupinazoa Julia Gomez eta Balbino Gonzalez egoiliarrek, eta ordu erdi beranduago, udaletxeko balkoitik Erramun Amundarainek eta Larrunarri kantu taldekoek. Igandera arteko festa egitarau betea dute Ordizian.
Erramun Amundarainek (mantalarekin) eta Larrunarri kantu taldekoek bota dute txupinazo nagusia.Loinaz Agirre. Ordiziako Santa Ana jaiak hasi dira ofizialki, bi txupinazorekin. Lehenengoa, 11:25ean, San Jose adinekoen egoitzan bota dute Julia Gomezek eta Balbino Gonzalezek, Adur Ezenarro alkatearen laguntzarekin, eta egoitzako egoiliarrak, langileak eta hainbat udal ordezkari bertan zirela. Txupinazoa botatzearekin batera, Burrunbazale txarangak Ordiziarrak gera kantua jo du. Gomez eta Gonzalez, egoitzan urte gehienak dituztenak dira: Gomezek 101 urte ditu eta Gonzalezek 88.
Ohi bezala, txupinazoa bota aurretik, Ezenarro alkateak lore sorta utzi du Covidak hildakoen oroimenez jarritako oroigarrian.
Amundarain eta Larrunarri
Ordu erdi beranduago, udaletxeko balkoian Plaza Nagusia jendez beteta zela, hartu du lehendabizi hitza Erramun Amundarainek, ordiziarrek proposatutako eta aukeratutako txupinlariak. Goiberri aldizkarian Josu Marotok argitaratutako karikaturarekin egindako mantala jantzita atera da Amundarain balkoira.
Amundarainen esanetan, “nik adina meritu badu beste jende batek hemen, nire taldekoek”. Ordiziarrei festak ondo pasatzeko deia egin die, “baina pasatu gabe”.
Amaitzeko, Palestina eta presoak izan ditu gogoan Amundarainek. “Gora Ordizia, eta gora gu eta gutarrak!” oihuekin amaitu du hitzartzea.
Ondoren etorri da Larrunarriren txanda, aurten 25 urte bete dituen Larrun Arri elkarteko kantu taldeko kideena: “Guretzat ohore handi bat izan da zuentzako txupinazo hau botatzea. Mila esker zuen laguntzagatik. Gora Santa Ana jaiak! Gora Ordizia! Gora ordiziarrak!”.
Suziria botatzearekin batera, Plaza Nagusia kantuan jarri du Burrunbazale txarangak, Ordiziarrak gera abestuz.
Oroigarria Amundaraini
Txupinazoaren ekitaldiaren ondoren, alkateak esker oneko oroigarria eman dio Amundaraini, Ordiziari egindako ekarpenagatik.
Gaurko egitaraua
Gaurko egitarauari dagokionean, 17:30ean kuadrillen arteko XIX. bigantxa-futbol txapelketa-Johan Usabiaga XV Memoriala jokatuko da San Bartolomeko zezen plazan. 18.30ean, berriz, Mikra zirku ikuskizuna izango da Garagartza plazan, eta 19:30ean, Burrunbazale txarangarekin kalejira.
Gauean, 21:30ean, helduen danborrada irtengo da Buztuntza auzotik. Amaiera Plaza Nagusian izango da. Eta egunarekin amaitzeko, 24:00etan, Rockalean musika kalejira.













