'Gipuzkoako Hitza'-k papera utzi eta sarean landuko du egunerokoa
Irailetik aurrera papereko astekaria izateari utziko dio, eta 'Berria'-ren webgunean argitaratuko ditu berriak egunero. Gipuzkoako aktualitateari "hobeto erantzuteko" hartu dute erabakia. Gaur argitaratu du azken zenbakia, 685.a.
'Gipuzkoako Hitza`-ren zenbaki batzuetako aleak. Hitza Hamabost urtez etenik gabe argitaratu da Gipuzkoako Hitza, baina gaurkoa du azkeneko zenbakia astekari gisa eta paperean. Irailetik aurrera beste etapa bat hasiko du, eta Berria-k egunero landuko du Gipuzkoako lurralde informazioa euskarri digitaletan, papereko astekari izateari utzita. Erabaki bera hartu du Berria Taldeak Bizkaiko Hitza astekariarekin. Arabako informazioa ere leku handiagoa emango dio aurrerantzean.
Berria-k sortu zituen herrialdeetako Hitza-k 2010eko azaroan, sumatuta bazela informazio jario bat Berria-ren irakurleengana iristen ez zena. Eskualdeetako Hitzekin elkarlanean abiatu zituen astekari horiek –GOIERRIKO HITZArekin tartean–, eta 685 zenbaki egin dituzte gaurko honekin. Dozenaka kazetari eta kolaboratzailek parte hartu dute agerkari horietan, eta haiek egindako lana nabarmendu du Eider Goenaga Berriako zuzendariordeak: «Hamabost urte hauetan, Hitzek ekarpen nabarmena egin dute: Berria-ra lurraldeetako informazioa ekarri dute, eta Berria-n lekua eman diete bestela lekurik izango ez zuten lurraldeko eragile eta pertsona askori».
Papereko astekaria argitaratzeari uzteko erabakia ez da erraza izan. Gipuzkoako Hitza eskualdeetako Hitzekin ere banatu dira, Berria-rekin zabaltzeaz gainera, eta milaka irakurle zituen astero-astero. Bestalde, euskarak ez ditu papereko informazio euskarriak sobran, eta Berriaren helburua beti izan da euskaldunei ahalik eta zerbitzu zabalena eta aukera gehien eskaintzea, Goenagak gogorarazi duenez.
Baina astekariaren martxa zailtasun bat izan da lurralde horietako aktualitateari behar bezala erantzuteko. Sarritan, astekariek ezin izan diote garaiz heldu lurralde horietako eguneroko gertakariei, eta Berria-ko irakurleek galdu egin dute informazio jario bat, gero astekariak beti osatu ahal izan ez duena, formatuak eraginda. «Astero hamasei orrialde egin beharrak, oso talde txikiekin, zailtasunak eragin ditu lurralde horietako aktualitatea behar bezala emateko».













