Jai giroa nagusi, Ordiziako Klasikoko ziklisten aurkezpenean
Hemeretzi taldetako 127 ziklista lehiatuko dira aurten lasterketan, mundu mailan garaikurrak irabazitako asko tartean. Animaziorik ez da falta izan, eta jai giroan hasi dute eguna herritar zein txirrindulariek.
Euskaltel Euskadi Txirrindulari taldeko ziklistak. 102. Ordiziako Klasikoa Nazioarteko txirrindulari proba hasi aurretik, parte hartzaileen aurkezpena egin dute 08:45ean, Jose Migel Barandiaran plazan. Hemeretzi taldetako 127 ziklista lehiatuko dira aurten lasterketan, mundu mailan garaikurrak irabazitako asko tartean. Talde bakoitza banan-banan joan da plazan ezarritako eszenatokira igotzen, eta animazioa ez da falta izan. Gaupasa egindako gazte asko elkartu dira aurkezpenera, kantu eta txaloen artean txirrindulariak animatuz. Horrela, jai giroan hasi dute eguna herritar zein txirrindulariek. 10:00etan eman diote hasiera probari, Gudarien etorbidetik hasita.













