Borja Lizarraga legazpiarrak Bizkaia ordezkatuko du Mister Internacional Españan
Asteazkenean izango da lehiaketa, Tenerifen. Lizarragak berak adierazi duenez "aukera handiak" ditu.
Borja Lizarraga legazpiarra. Geologoa ikasketaz, entrenatzaile pertsonala lanbidez eta fitnessaren munduan ibilbide luzea eginda, Borja Lizarraga (Legazpi, 1996) aurten Mister Internacional Españan izango da Bizkaia ordezkatzen. Finala asteazken honetan jokatuko da Tenerifen.
Duela bi urte jasotako lehen gonbidapena baztertu bazuen ere, 2025ean prest ikusi du bere burua erronka honi heltzeko. «Orain bai, fisikoki eta mentalki prestatuta nago. Uste dut aukera handiak ditudala», azaldu du legazpiarrak konbentzimendu osoz. Dagoeneko Tenerifen dago, gainontzeko ordezkariekin batera.
Lizarragak onartu duenez, lehen proposamena Gipuzkoaren ordezkaria izateko izan zen duela bi urte, baina orduan ez zuen pausoa eman. «Garai hartan ez nengoen prest; orain, berriz, bai. EHUko Leioako kanpusean ikasitako urteengatik eta Bilbon egindako bizitzagatik Bizkaiarekin lotura berezia daukat. Horregatik izango naiz bere ordezkari», dio irribarrez.
Prestaketa fisiko eta mental zorrotza
Fitness eta kulturismoan esperientzia luzea du Lizarragak, baina kontatu du Mister Internacional Españak bestelako entrenamendua eskatu diola. «Ez da bakarrik gorputza erakustea; desfileak, hitz egiteko probak, talentua,… guzti hori landu behar izan dut. Eta horrez gain, buruan helburua argi edukitzea da gakoa».
Elikadura zorrotza izan du lehiaketara maila onean iristeko. «Kulturismo txapelketetan gorputza definituago eraman izan dut, oraingo honetan, bestelakoa izan da erronka».
Helburua argi
Borja Lizarragak ez du ezkutatzen bere anbizioa: «Uste dut aukerak ditudala, egunotan egin dizkiguten probetan maila ona erakutsi dut. Irabazten ez badut ere, esperientzia ikaragarria izango da».
Mister Internacional Españako finala asteazken honetan jokatuko da Tenerifeko Los Realejos herrian, 21:30ean hasita. Streming bidez egin ahalko da gala nagusiaren jarraipena.













