Lurraldebusen zerbitzu bereziak Gabiriako jaietarako
Abuztuaren 14tik 16ra bitartean, Zumarraga eta Ordiziatik autobus bereziak jarriko dira Gabiriara joateko, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak antolatuta
Bi herritar Lurraldebuseko autobus bat hartzear.Ariane Vierbücher Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak iragarri du Lurraldebuseko zerbitzu bereziak eskainiko direla Gabiriako jaietan, abuztuaren 14tik 16ra. Helburua herritarrek jaiak modu eroso, seguruan eta jasangarrian gozatzeko aukera izatea da.
Azahara Dominguez diputatuak azaldu duenez, Zumarragatik (Renfe) Gabiriara joateko autobusak 18:00etan, 20:00etan eta 22:00etan irtengo dira; Ezkiotik 18:20an, 20:20an eta 22:20an pasako dira eta Gabiriara 10 minutu geroago iritsiko dira. Ordiziatik, berriz, 19:00etan eta 21:00etan egongo dira irteerak, Beasain eta Ormaiztegitik igarota.
Itzulerako zerbitzuek ordutegi hau izango dute: Zumarragako noranzkoan 19:30ean, 21:30ean, 00:00etan, 2:00etan eta 5:30ean; eta Ordiziako noranzkoan 18:30ean, 20:30ean, 1:00etan, 3:00etan eta 4:45ean.
Dominguezek azpimarratu du garraio publikoa indartzeak “herritar guztiei aisialdirako sarbidea bermatzen diela, segurtasuna hobetzen duela, eta autoaren erabilera murriztuz, ingurumenari mesede egiten diola”. Halaber, gogorarazi du, halako neurriak herri txikien konektibitatea indartzeko funtsezkoak direla.
Bestalde, Endika Igartzabal Gabiriako alkateak herritar guztiak animatu ditu herriko jaietara hurbiltzera: “Kotxea hartu beharra ez dadila aitzakia izan Gabiriako jaietara ez etortzeko! Garraio publiko bidez etortzea aukera bikaina da”.













