Beasaingo Udalak energia eraginkortasuna eta euskararen sustapena indartzeko neurriak onartu ditu

Beasaingo Udalak aho batez onartu ditu uztaileko osoko bilkuran udalerriko etxebizitzetan eta eraikinetan energia-eraginkortasuna hobetzeko dirulaguntzak, baita euskararen erabilera eta ikaskuntza sustatzeko ekimen berriak ere.
Energia-eraginkortasunerako laguntzak klima-aldaketaren aurkako estrategiaren baitan kokatzen dira eta etxebizitza-parkea jasangarriagoa eta erosoagoa bihurtzea dute helburu. 2025eko aurrekontuan 20.000 euro bideratuko dira jarduketa txikiak finantzatzeko, hala nola galdarak berritzea edo leiho eta ateetako beirak ordezkatzea. Dirulaguntzak jabeen erkidegoentzat zein norbanakoentzat izango dira, baldintzak betez gero. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean aurkeztu ahal izango dira eskaerak udaletxean bide telematikoa edo presentzial (Igunean) erabiliz.
Bestalde, euskararen sustapenean bi ekimen nagusi onartu dira: alde batetik, gazteei zuzendutako proiektu pedagogiko bat, EMUN kooperatibak hiru ikasturtetan garatuko duena, hizkuntza-kontzientzia eta erabilera eraginkorra lantzeko; eta bestetik, helduen euskara-ikasketetarako dirulaguntzen oinarriak, 37.000 euroko diru-lerroarekin.
Neurri hauekin, Udalak trantsizio energetikoan eta hizkuntza-normalizazioan urrats berriak eman nahi ditu, ingurumenaren zaintza eta herritarren bizi-kalitatea hobetzeko helburuz.