'Kaiola', argazkien bidezko garrasia
David Arribas argazkilariak 'Kaiola' izeneko proiektua aurkeztu du Beasainen. Anorexia duen gazte baten istorioa kontatzen du.

Anorexiak eragindako itolarria, isiltasunetik argira ekarrita. Horixe da David Arribas argazkilari madrildarraren azken proiektuaren muina, ‘Kaiola’, Beasainen ikusgai dagoen erakusketa. Honek 15 argazki eta multimedia pieza bat biltzen ditu, guztiak anorexiaren aurka borrokan ari den 21 urteko emakume baten esperientzian oinarrituak. Argazkiek, berak eskuz idatzitako testuak dituzte lagun, gaixotasunari eta bizipen pertsonalei buruzko gogoeta gordin eta hunkigarriekin.
Arribasek 2017an hasi zuen proiektu hau eta bi urtez luzatu zen argazki-prozesuan. Gaztearen ingurune familiarrak eta tratamendu medikoek izan zuten protagonismoa. Argazkien bidez, isilean baina etengabe sufritzen den errealitate bat erakutsi nahi izan du: gorputzaren pertzepzioaren desitxuratzeak eta kontrolaren obsesioak eragindako infernua.
Gogoratu erakusketa ikusteko azken egunak direla.