Itsasoarrek San Lorentzo eguna ospatu dute
Atzo egin zuten ospakizuna. Meza izan zuten lehenik izen bereko baselizan, eta hamaiketakoa ondoren, Itsasoko Ostatuan. Hilaren 23an, San Bartolome jaiak hasiko dira.
Aspaldiko ohiturari jarraituz, San Lorentzo eguna ospatu zuten atzo Itsason, izen bereko baselizan. Abuztuaren 10a da San Lorentzo, eta egun horren hurbileneko igande arratsaldez egin ohi izan da ospakizun hori. Aurten, baselizaren zaindariaren egun berean egokitu da festa, baina goizez egin dute, eguraldi beroari zirkin egiteagatik.
Meza izan zuten lehenik itsasoarrek baselizan, 11:00etan, eta ondoren, juntadizoa egin zuten Itsasoko Ostatuan, hamaiketakoaren inguruan.
San Bartolome jaiak
San Lorentzo eguna ospatu eta gutxira, herriko jai nagusietan murgilduko dira Itsason. Aurten, abuztuaren 23an hasiko dira San Bartolome jaiak, eta bi asteburutan gauzatuko da herritarrek prestatu duten egitarau mardula.














